Arantzan zer, uskaraz ler… Nork ez du buruan lelo hau? Arantzan UEMA Eguna egin zenean hautaturiko leloa izan zen. Ba hau ere jarria da herriko txokoetan, Euskara Batzordearen ekimenez. Izan ere, joan den apirilean, euskararen arnasguneei buruzko ikastaroan, gaur egun hizkuntzaren inguruan dauden hutsuneak aditzera eman ziren. Gure herriak euskararen arnasgune gisa bizirik iraun dezan, lanean segitu behar da.
Hortik, herri bakoitzak hizkuntzaren aldeko ekimenak antolatu ditu. Gurean, Euskara Batzordeak zenbait mezu prestatu eta gorapean, eskolako atarian, ostatuetan, parkean eta frontoian paratu ditu: Euskara polita da; Ni aranztarra ni euskalduna; Non nire hitza, han nire euskara; Jostatu ere euskaraz; Mingaina dantzatu, euskaraz mintzatu; Arantza gorputza, euskara bihotza; Gure euskara, gure ondarea…