Eskolan lanak bukatu dira eta orain igerilekuen txanda ailegatu da. Hala ere, eskolako haurrek bertze lan berezi bat egin zuten: auzolana.
Udaletxean baimena eskatu ondotik, Haur Hezkuntzako ikasleek frontoiko zolan ziren txikleak espatulaz garbitu zituzten, herriko zakarrontziak hustu eta poltsa berriak paratu zituzten eta Herriko Itturrian lore ederrak landatu zituzten.
Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, Berrizaunera oinez jautsi ziren eta trenbidean ziren zaborrak bildu eta edukiontzietara bota zituzten.
Azken egunean 6. mailakoei agur polita eskaini zitzaien eta gero jolasak egin zituzten frontoian. Gero bazkari ederra Biltokin eta... hurrengora arte!
Herritarrek ere udari ongietorria egin zioten: San Juan gauean afari autogestionatuan inoiz baino lagun gehiago elkartu ziren, giro ederrean suaren zain. Sua piztean haurren eta ez hain haurren txanda izan zen eta denak jauzika arituta ederki berotu ziren. Orain uda ongi pasa eta gero bestak!