Memorias de guerra, Joxe Iturria liburuaren aurkezpena egin zuten ekainaren 28an Harriondoa Kultur Etxean. Liburua Joxe Iturriaren semeetako batek, Antonio Iturria Lekuonak idatzi du. Aitari Espainiako gerran gertatutako pasadizoez gain, Lesakako ohitura eta XX. mende hasierako bizimoduari ere errepasoa egiten dio. Egilearekin batera, Xabier Irujo eta Fernando Mikelarena historialariak izan ziren aurkezpenean.
Zoritxarrez aurkezpenetik lau egunera, uztailaren 2an hil zen Joxe Iturria Durango eta Gernikako bonbardaketen lekuko izan zen, han suertatu baitzen Errepublikako ejerzitoaren kamioi gidaria zenean, 22 urterekin. Han ikusitakoak arrastoa utzi zion, baina ez zion inoiz familiari hango berri zehatzik eman. Antonio semeak aipatu digunez, «behin jubilatu zenean hasi zen barrenak hustutzen». Istorio horiek idazten hasi zen Antonio, Joxeren zortzi bilobei erakusteko asmoz. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak argitaratu du.