Jubiloteka zerbitzuak lehen aldiz uztailean ere segida du, baina ekainaren 27an ikasturte bukaerako besta egin nahi izan zuten eta ekitaldi aski hunkigarria ospatu zuten. Erabiltzaileek bi kanturekin ongietorria eman zieten Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako eta udaleko ordezkariei, Jokin Apezetxea teknikariari eta Marisol Taberna alkateari. Hain zuzen, Edurne Garro monitoreak bi erakunde hauen laguntza eskertu nahi izan zuen, baita boluntario aritzen diren pertsonena ere. Antonio Fernandezek, jubilotekako erabiltzaileen izenean ere, eskerrak eman zizkien eta Julia Zaportak olerki bat ozen irakurri zuen. Gero, Jose Mari Irazoki, Jose Mari Lasaga, Miguel Angel Sarobe, Ramon Errandonea, Santi Maya, Marian Biurrarena eta Aitziber Esnaola boluntarioei diploma eta opari bat (jubilotekan bertan egindako eskulana) eman zieten.