Erakusketa etnografikoa irekiko da Julio Caro Barojaren omenez

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 10a

Lizarrako Museo Etnografikotik ekarriko diren 43 nekazaritza lanabes bilduko ditu

Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrenaren baitan Don Julioren arrastoa goiburupean egiten ari diren ekitaldien harira, erakusketa etnografikoa ikusgai izanen da Kultur Etxean uztailaren 31tik irailaren 14ra, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Erakusketa hau gauzatu ahal izateko, Liza­rran dagoen Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnografikoko “Berako funtsa” bezala ezaguna den eremuko 43 lanabes aukeratu dituzte: laiak, segak, goldea, aizkora, igitaiak, labanak, sagar-biltzekoak, zorroztarriak, kaikuak eta nekazaritzarekin lotutako bertze zenbait lanabes ikusgai izanen dira, bere garaian Caro Barojak berak Beran bilduak gehienak.

Aitzinetik, uztailaren 24an, 18:00etan herriko bisita antzeztua eginen da Herriko Etxeko Plazatik Itzearaino eta Donostiako EHUko Udako ikastaroetan ere Caro Barojaz ariko dira. Irailean, urrian eta azaroan bertze hainbat solasaldi, kontzertu eta kultur ekitaldi eginen dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun