Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia beratarrek Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketa irabazi dute

Ttipi-Ttapa 2014ko uztailaren 9a

Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia arpanean, iazko sanferminetan.

Joan den urtean bezala eurek izan dira nagusi, erraz gainera

5 minutu eta 44 segundo behar izan dituzte 45 ontzako enborrari hamar ebaki egiteko eta joan den urtean bezala, eurek izan dira nagusi, erraz gainera.

Joan den urtean bezala, aurten ere Emakumezkoen Nafarroako Arpana Txapelketako txapela Berara etorri da. Iruñeko Sanferminen barne, atzo jokatu zen lehia eta Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia hasieratik nagusitu ziren arpanean. 5 minutu eta 44 segundoz ebaki zituzten 45 ontzaren hamar korteak. Iraizoz ahizpak izan ziren bigarren (06:29) eta Nuñez eta Lopez hirugarren (07:06).

Gizonezkoen arpana txapelketa ere jokatu zen atzo Iruñean eta honetan ere iazko txapeldunak nagusitu ziren: Barberena anaiak, hain zuzen.

Uztailaren 10ean Nafarroako hirugarren mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Bi kanaerdiko moztu behar dituzte partehartzaileek. Tartean izanen dira Zigako Joxean Etxeberria, Beintza-Labaiengo Miguel Angel Etxeberria, Pello Telletxea eta Joxe Mari Elizondo eta Zubietako Mikel Indakoetxea. Kañamares anaiek erakustaldia eskainiko dute (zerratokia-aitzurrarekin egurra mozten).

Uztailaren 11n kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketa jokatuko da. Basaburua-Baztango Eneko Irigoien eta Andoni Galarregi eta Antton Irigoien eta Iker Aleman lehian ariko dira. Kimu mailako proba konbinatu erakustaldia eta aizkora erakustaldia ere eginen dira, baita haurrendako proba populara ere.

Uztailaren 12an Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko da eta hiru partehartzaileak eskualdekoak izanen dira: Leitzako Josetxo Urrutia, Sunbillako Unai Bertiz eta Etxalarko Xabier Ariztegi “Santxin”. Emakumezkoen Txinga Eramate Txapelketan ere berdin, hiru partehartzaileak eskualdekoak izanen dira: Lesakako Xanta Sousa eta Estitxu Almandoz eta Berako Nerea Sorondo. Nafarroako lasto altxatze txapelketan parte hartuko duten bi kirolariak ere eskualdekoak izanen dira: Igantziko Eneko Telletxea eta Amaiurko Lander Landiribar.

Uztailaren 13an Nafarroako bikotekako aizkolari txapelketa eta Nafarroako gurdi altxatze txapelketak erabakiko dira. Bikoteka aizkoran sei enbor kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko dituzte Floren Nazabal eta Ruben Saralegik, Jon Rekondo eta Ander Erasunek eta Donato Larretxea eta Juanjo Lopezek. Gurdi altxatzen, Leitzako Josetxo Urrutia izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Inaxio Perurenak erakustaldia eginen du harri jasotzen.

Uztailaren 14an, azkenik, gizonezkoen Nafarroako txinga eramate txapelketa jokatuko da, eskualdeko ordezkaritzarik gabe. Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du. Lasto botatzen eta lasto altxatzen erakustaldia eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun