Bera Nafarroako Herriarteko txapeldun

Ttipi-Ttapa 2014ko uztailaren 7a

Berako taldea ordezkatuz finalean aritu ziren pilotariak.

35 urteren ondotik, Nafarroako txapela jantzi du Berako pilota taldeak

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketaren historian, bere bigarren txapela jantzi du Berako taldeak. Duela 35 urte jantzi zuen lehendabizikoa, orduan Lizarrari irabazita, eta aldi honetan, asteburuan jokatu den finalean Uharteren kontra nagusitu da. Lau partidetatik hirutan gailendu da Berako taldea eta Beratik joandako dozenaka eta dozenaka jarraitzailerekin batera ospatu dute garaipena. Ikusi argazkiak.

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketaren historian, bere bigarren txapela jantzi du Berako taldeak. Duela 35 urte jantzi zuen lehendabizikoa, orduan Lizarrari irabazita, eta aldi honetan, asteburuan jokatu zen finalean Uharteren kontra nagusitu zen. Lau partidetatik hirutan gailendu zen Berako taldea Iruñeko Labriten.

Alebinetan, partida berdindua jokatu zuten Berako Asier Telletxea eta Josetxo Sesek eta Uharteko Oscar Jamar eta Gaizka Esainek. Azkenean, 16-18ko markagailuarekin beratarrak nagusitu ziren.

Infantiletan, erraz nagusitu ziren beratarrak. Beñat Ordoki eta Jonan Fagoaga lesakarrak aritu ziren Berako taldean, Uharteko Unai Elizalde eta Unai Urizen kontra. 5-18 irabazi zuen lehendabiziko bikoteak.

Jubeniletan, bi aurrelarirekin aritu zen Berako taldea. Beñat Mitxelena eta Andoni Lazkanotegik jokatu zuten, atzelari aritzen den Jon Olaizola eskuko minarekin zegoelako. Uharteko Joseba Sarasa eta Iñigo Larunbe izan zituzten arerio eta azken hauek 22-3 irabazi zieten.

Seniorren mailako partida erabakiorra izan zen. Oraindik ere lehen urteko jubenilak diren eta hala ere, txapelketako partida guztiak irabazi dituzten Ander Errandonea eta Iñigo Martinez izan ziren Berako ordezkariak. Uharteko Oier Loban eta Iosu Linzoainen kontra aritu ziren eta 13-22 irabazi zieten.

Giro polita sortu zen larunbatean Iruñeko Labriten eta Beratik joandako dozenaka eta dozenaka jarraitzailerekin batera ospatu zuten pilotariek garaipena. Ikusi argazkiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun