Bera eta Uhartek jokatuko dute uztailaren 5ean, larunbat goizeko 9:30etik aitzinera Iruñeko Labriten Nafarroako Herriarteko Pilota txapelketaren finala. Hiru autobus aterako dira Beratik taldea animatzera.
Alebin mailan, Berako Asier Telletxea eta Josetxo Sesé, Uharteko Oscar Jamar eta Gaizka Esainen kontra ariko dira.
Infantiletan, Berako Beñat Ordoki eta Jonan Fagoaga (biak lesakarrak) Uharteko Unai Elizalde eta Unai Urizen kontra.
Jubeniletan, bi aurrelarirekin aritu beharko du Berako taldeak finalean, Beñat Mitxelena eta Andoni Lazkanotegirekin, atzelari aritzen den Jon Olaizola eskuko minarekin dagoelako. Uharteko Joseba Sarasa eta Iñigo Larunbe izanen dituzte arerio.
Senior mailan, azkenik, oraindik ere lehen urteko jubenilak diren eta halere, txapelketako partida guztiak irabazi dituzten Ander Errandonea eta Iñigo Martinez izanen dira Berako ordezkariak. Oier Loban eta Iosu Linzoainen kontra ariko dira finalean.
Pilotari hauetaz gain, txapelketa honetan Mikel Elzaurdia, Mattin Garbisu, Harri Maritorena eta Jon Olaizola ere aritu dira Berako taldearekin.
Duela 35 urte txapeldun
Inaxio Errandonea pilotari ohiak gogoratzen duenez, behin bakarrik, 1979an irabazi zuen Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa Berak, finalean Lizarrari irabazita. Orduan, infantil mailan aritu zen Inaxio. Hurrengo urtean, 1980an ere finalean izan zen Bera, baina Goizuetaren kontra galdu egin zuen.
Txapelketak, orduko herri arteko lehia kutsu hori galdu duela uste du Errandoneak eta gehienetan kluben artekoa suertatzen da. Horregatik, meritu gehiago dauka Bera finalerako sailkatzeak, aurrebenjamin mailatik Beran edo Lesakan entrenatzen ari diren pilotariekin lortu baitu. Gainera, finalerdietan, jubenil mailan bi aurrelari aritu behar izan ziren eta txapelketa osoan, lehen urteko jubenilak ari dira senior mailako partidak jokatzen, beraiek baino pilotari hagitzez zailduagoekin. Halere, txapelketako partida guziak irabazi dituzte Inaxioren semeak, Ander Errandoneak, eta Iñigo Martinezek.
Baina herriko pilotariek herritarrak mugitzen dituzte eta ikustekoa da zer giro dagoen Beran finalaren bezperan. Uztailaren 5ean bertze horrenbertze edo gehiago espero da Labriten.