Udan sartuta, haur eta gaztetxoen bi hilabete pasatxoko oporrak hementxe ditugu. Irailaren hasierara bitarte, ederki pasatzeko aukera izanen da herrian ere. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Dindaia Fundazioarekin batera antolaturiko udaleku irekietan aurten hemeretzi haur eta gaztetxo eta hiru begirale izanen dira.
Sekula baino talde haundiagoa izanen da aldi honetan eta uztailaren 7tik abuztuaren lehenera, astelehenetik ortziralera, 10:00etatik 13:00etara herriko gimnasioan bilduko dira. Hala ere, eguraldiaren arabera, barreneko ekimenez gain, kanpoko jarduerak ere eginen dituzte. Euskaraz ongi pasatzea dute helburu udalekuek eta bertze egunetan bezalaxe, oraingo honetan ere, hilabete mugitua heldu zaie.