Etxebizitza inguruan ez dute tanatoriorik nahi

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 26a

Udalak auzotarren kezka ulertu arren «egoera normaltasunera bideratu behar dela» uste du

Iturlandeta 2ko beheko aldean tanatorio edo beilatokia jarri behar dutela eta bere ezinegona agertu dute auzoko bizilagunek. «Ez dugu nahi inongo etxe­bizitzaren azpian tanatoriorik egotea, ez hemen eta ez inon ere», diote. Udalari ordenan­tza aldaketa bat egitea eskatzen diote bizilagunek eta horretarako uztaila erdialdera arte, sinadura bilketa bat egiten ari dira. Alkatetzatik diote, ordea, eskaria egin zenean indarrean zegoen ordenantzak beilatokia jartzea baimentzen zuela eta orain ezin dela gibelera egin  «auzokoek egin duten ordenantzak aldatzeko eskaerak ez lioke eraginen martxan dagoen prozesuari.  Hau da, ho­rrekin ezin da bertan behera utzi tanatorioaren espedientea».
 
Bilera egin zuten bi alderdiek eta bertan, bizilagunek diote «herio­tzarekin bertze harreman mota bat izateko eta hori gure seme-alabei trasmititu behar geniela, gure buruarekin lan berezia egin behar genuela adierazi ziguten udal ordezkariek». Landu beharreko bidea dela onartzen dute baina «oraindik ez gaude prest». Izan ere, «behartuta gaude hilaren senitartekoen oinazearekin topatzera, balkoira ateratzean, portalean, ondoko parkean eta hain­bat momentutan» eta horregatik eskatu diote Udalari, ordenan­tzak aldatzeko «beilatokirik ez eraikitzeko edozein etxebizitzaren azpian, bai bere jar­dueraga­tik, baita ibiliko den jendetzagatik eta ibilgailuengatik ere, bizilagunak kaltetzen dituelako eta eguneroko jarduera normaltasunez egitea oztopatzen duelako». Udalak, bere aldetik, «gai honek sen­tsibilitatea uki­tzen duela eta batzuengan kezka sor­tzen duela ulertu a­rren, egoera normaltasunera bideratu behar dela» uste du. 
 
Azken hilabetean udal taldeek bilera bat baino gehiago egin dute gai honen inguruan eta solastekoak dira berriz ere. Bilera horietan ez da planteatu araudia aldatzea.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun