Enduro eta Freeride udalekuak eskainiko dituzte Igantziko IrriSarri Landen

TTIPI-TTAPA 2014ko uzt. 2a, 10:36

Gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dituzte Enduro eta Freeride udalekuak Igantzin. Artxiboko argazkia

10 urtetik goitiko haur eta gazteei zuzendutakoak, asteburukoak ala aste osokoak

Igantziko IrriSarri Land Abentura Parkeak, IrriSarri Bike eskolaren bidez, Freeride eta Enduro udalekuak antolatu ditu 10 urtetik goitiko haur eta gazteentzat. Mendiko bizikleta bultzatzea eta Nafarroako gainerako instalakuntzek eskaintzen ez duten zerbitzua eskura jartzea du helburu ekimenak. Asteburuetan, orain arte bezala, helduentzako saioak eskainiko dituzte.

Igantziko IrriSarri Land Abentura Parkeak, IrriSarri Bike eskolaren bidez, Freeride eta Enduro udalekuak antolatu ditu 10 urtetik goitiko haur eta gazteentzat. Mendiko bizikleta bultzatzea eta Nafarroako gainerako instalakuntzek eskaintzen ez duten zerbitzua eskura jartzea du helburu ekimenak. Asteburuetan, orain arte bezala, helduentzako saioak eskainiko dituzte.

Freeride eta Enduro modalitateak lantzeko jaitsiera pistak eta lurrezko jauzidun Dirt Park-a ditu IrriSarri Landek. Ekaineko asteburuetan helduei zuzendutako ikastaroak eskaini dituzte bertan, eta orotara 200 lagun inguruk hartu dute parte; erabiltzaileen harrera ona ikusirik, gazteagoentzako prestakuntza jarduerak eskainiko dituzte udan.

Hegoi eta Eneko Ado, Martxel Arribillaga eta Manel Ibars izanen dira asteburuko nahiz aste osoko ikastaroak gidatzeaz arduratuko diren monitoreak. Maila ezberdina duten gazteentzako udalekuek 8 eta 25 ordu arteko iraupena izango dute. Besteak beste, oinarrizko posizioa, biraketak, lurrazal ezberdinetako gidatzea, mekanika eta teknika landuko dituzte. Udalekuak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta otorduak eta asegurua barneratuko dituzte. Era berean, parkeko aterpetxean ostatu hartzeko aukera izango dute gazteek mantenu osoko erregimenean, bide batez, parkeko gainerako jarduerez gozatu ahal izateko: tirolinak, pendulua, mendiko ibilaldiak, jolastokia, eta abar.

Asteburuko udalekuak uztailaren 12 eta 13an, eta 26 eta 27an, eta abuztuaren 23 eta 24an, eta 30 eta 31n egingo dituzte. Aste osokoak, aldiz, bost txandatan banatuko dira uztaila eta abuztuan zehar. Dena den, taldeak sortu ahala, eduki eta ordutegi jakineko udalekuak antolatzeko aukera izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu www.irrisarriland.es atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun