Herriarteko pilota txapelketaren finalerako autobusa antolatu dute Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 27a

Zaleek babesa eman diote Berako pilotariei. Utzitako argazkia

Uztailaren 5ean jokatuko du Labriten Uharteren kontra

Bera eta Uhartek jokatuko dute uztailaren 5ean, 09:30etik aitzinera Iruñeko Labriten Nafarroako Herriarteko Pilota txapelketaren finala. Egun horretarako autobusa antolatuko dute Beratik. 6 euroren truke, autobusa, gosaria eta bazkaria izanen da. Txartelak Purienean (Agara prentsa denda) eros daitezke.

Bera eta Uhartek jokatuko dute uztailaren 5ean, 09:30etik aitzinera Iruñeko Labriten Nafarroako Herriarteko Pilota txapelketaren finala. Egun horretarako autobusa antolatuko dute Beratik. 6 euroren truke, autobusa, gosaria eta bazkaria izanen da. Txartelak Purienean (Agara prentsa denda) eros daitezke.

Berako taldearen sailkapenak meritu handia dauka, etxeko pilotariekin lortu baitu (Berako 6 eta Lesakako 2), selekzio handien kontra jokatuta. Inaxio Errandonea pilotari ohiak gogoratzen duenez, behin bakarrik, 1978an irabazi zuen Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa Berak, finalean Lizarrari irabazita. Orduan, infantil mailan aritu zen Inaxio. Hurrengo urtean, 1979an ere finalean izan zen Bera, baina Goizuetaren kontra galdu egin zuen.

Txapelketak, orduko herri arteko lehia kutsu hori galdu duela uste du eta gehienetan kluben artekoa suertatzen da. Horregatik, meritu gehiago dauka Bera finalerako sailkatzeak, aurrebenjamin mailatik Beran edo Lesakan entrenatzen ari diren pilotariekin lortu baitu. Gainera, finalerdietan, jubenil mailan bi aurrelari aritu behar izan ziren eta txapelketa osoan, lehen urteko jubenilak ari dira senior mailako partidak jokatzen, beraiek baino pilotari hagitzez zailduagoekin. Halere, txapelketako partida guziak irabazi dituzte Inaxioren semeak, Ander Errandoneak, eta Iñigo Martinezek.

Baina herriko pilotariek herritarrak mugitzen dituzte eta ikustekoa izan da zer giro jarri duten jarraitzaile bortziritarrek finalerdietan Berako eta Doneztebeko frontoietan. Uztailaren 5ean bertze horrenbertze edo gehiago espero da Labriten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun