Memorias de guerra, Joxe Iturria liburuaren aurkezpena eginen dute ekainaren 28an, larunbat eguerdiko 12etan Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan. Liburua Joxe Iturriaren semeetako batek, Antonio Iturria Lekuonak idatzi du eta bertan, aitari Espainiako gerran gertatutako pasadizo eta istorioez gain, Lesakako ohitura eta XX. mende hasierako bizimoduari ere errepasoa egiten dio.
Azaroaren 22an ehun urte beteko dituen Joxe Iturria Durango eta Gernikako bonbardaketen lekuko izan zen, Bizkaiako bi herri horietan suertatu baitzen Errepublikako ejerzitoaren kamioi gidaria zenean, 22 urte zituela. Han ikusitakoak arrastoa utzi zuen Luberrondon jaiotako gizonarengan, baina ez omen zion inoiz familiari hango berri zehatzik eman. Antonio semeak aipatu digunez, «behin jubilatu zenean hasi zen barrenak hustutzen, gerrako gertakariak aipatzen». Horiek idazten hasi zen Antonio, noizbait Joxeren zortzi bilobei erakusteko eta bere aitatxiren berri izan zezaten, «nondik datozen jakinda, nora joan nahi duten erabakitzeko».
Baina duela bi urte, Xabier Irujo historialariak izan zuen Lesakako Sanferminetako txupinazoa bota behar zuen Joxe Iturriaren gorabeheren berri eta Lesakara etorri zen elkarrizketatzera, Gernikako bonbardaketei buruzko lana egiten ari baitzen. Antoniok dena idatzia zuela erran zioenean eta idatzitakoa erakutsi zionean, harriturik gelditu zen Irujo. Bere ustez, historia liburuetan agertzen direnak baino hildako gehiago izan ziren eta Iturriaren oroitzapenek bere uste hori baieztatzen zuten. Erraterako, Joxe Iturriak gogoratzen du nola «bi etxeen artean zegoen aterpe baten teilatua erori eta bertan itoak hil ziren han zeuden guziak bat izan ezik, 450 pertsona baina gehiago».
Tiro, bonba eta hildako kontuak gogorrak baldin badira ere, Antonio Iturriarentzat «gerran eta gerra ondotik bizi izan zuten gosetea da gauzarik gogorrena». Joxe aitak uste hori baieztatzen du: «Gosea gauza tristea da, nik ikusikatu ditut gizon haundiak, goseak negarrez».
Bere ikerketarako ez ezik, liburu baterako gaia ere bazela erran zien Irujok eta Gernika Fundazioaren bitartez argitara eman zuten liburua. Apirilean egin zuten lehen aurkezpena Gernikan eta orain bigarren edizioaren aurkezpena eginen dute Lesakan. Antoniok aipatu digunez, «liburua kasik nik idatzi bezalaxe dago. Aldaketarik handiena, nik hirugarren pertsonan idatzi nuela eta liburua lehen pertsonan dagoela, aitak berak kontatuko balu bezala. Indar gehiago emateko dela erran didate».