Ikasturte bukaerako besta egin du Berako Jubilotekak

TTIPI-TTAPA 2014ko eka. 30a, 09:31

Uztailean segida izanen badu ere, ikasturte bukaera ospatu nahi izan dute Berako Jubilotekan. Utzitako argazkia

Halere, uztailean ere eskainiko dute zerbitzua eta irailetik aitzinera Lesakan ere hasiko da

Berako Jubiloteka zerbitzuak lehen aldiz uztailean ere segida izanen badu ere, ekainaren 27an ikasturte bukaerako besta egin nahi izan zuten eta ekitaldi aski hunkigarria ospatu zuten.

Berako Jubiloteka zerbitzuak lehen aldiz uztailean ere segida izanen badu ere, ekainaren 27an ikasturte bukaerako besta egin nahi izan zuten eta ekitaldi aski hunkigarria ospatu zuten.

Lehenik, jubilotekako erabiltzaileek bi kanturekin ongietorria eman zieten Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako eta Berako udaleko ordezkariei, Jokin Apezetxea teknikariari eta Marisol Taberna alkateari. Hain zuzen, Edurne Garro monitoreak bi erakunde hauen laguntza eskertu nahi izan du, baita boluntario aritzen diren pertsonena ere. Antonio Fernandezek, jubilotekako erabiltzaileen izenean ere, eskerrak eman dizkie eta Julia Zaportak olerki bat ozen irakurri du. Gero, Jose Mari Irazoki, Jose Mari Lasaga, Miguel Angel Sarobe, Ramon Errandonea, Santi Maya, Marian Biurrarena eta Aitziber Esnaola boluntarioei diploma eta opari bat (jubilotekan bertan egindako eskulana) eman diete, hameketakoa hartu aitzinetik.

Taldean dagoen giro onaren eta elkartasunaren ondorioz, zerbitzua uztailean ere eskaintzea erabaki dute eta irailetik aitzinera, Lesakan ere eskainiko da. Zehazki, Harriondoa Kultur Etxeko Zumarra aretoan eskainiko da 10:00etatik 13:00etara irailaren 2tik aitzinera. Hileroko kuota 20 eurokoa izanen da eta izen emateko edo informazioa jasotzeko 948 635036 telefonora deitu edo ssb@lesaka.net helbide elektronikora idatzi behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun