Bertze urteetan bezala aurten ere Lesakan Biziberrituz Euskara eguna antolatzen ari da Euskara Batzordea Guk euskaraz… zuk zegatik ez? goiburupean, ekainaren 23an San Juan bezperarekin bat eginez. Helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izan ohi da eta horretarako urtero herritar multzo ezberdinei zuzentzen zaio mezua. Aurtengoari dagokionez Lesakako gurasoetan eragin nahi dute; izan ere, euskararen erabilera neurtzen dituzten kale neurketa ezberdinek, gainbeherazko norabidea erakutsi baitute herritar multzo honetan.
Horretarako gurasoengana zuzendu nahi izan dute, eta Guraso Elkarteen bidez egitea erabaki dute. Egitarauari dagokionez, 18:00etan karrika buelta eginen da Plaza Zaharretik Antoiuko parkera. Bertan, haur eta gurasoen artean murala margotuko dute.
19:00etan “Euskararen fruitu goxoak” jokoan aritzeko aukera izanen da Plaza Zaharrean, guraso batek eta haur batek osatutako bikotetan. Parte hartzeko lehenagotik izena eman beharko da ikasteetxean edo egunean berean.
20:00etan hasiko da ekitaldia Plazan Zaharrean. Bortzirietako Bertso eskolak saio antzeztua eskainiko du, Lesakako Abesbatzak Guk euskaraz… zuk zergatik ez? kantatuko du eta haurrak kantari ariko dira.
Euskara Batzordearen adierazpena irakurri ondotik, trikitilariak eta txalapartariak ariko dira eta sua piztuko dute Irain eta Tantirumairu Guraso Elkarteetako kideek.Euskara Batzordeak hiru su piztuko ditu plaza inguruan (haundia, ertaina eta ttikia)eta hiruetaz bakarrik arduratuko da. Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta Lesakako dantzak (Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda) dantzatzeko aukera izanen da. 21:00etan herri afaria izanen da, norberak antolatua. Euskara Batzordeak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu plazan bueltan. Afaria etxean prestatu eta plazan denek batera afaltzeko aukera izanen da. Edariak eta bokatak bertan eskuratzeko aukera ere izanen da. 21:30etik gauerdira arte berbena izanen da Oharkabe taldearekin.