Gurasoak izan dira protagonista Lesakako Biziberrituz Euskara Egunean

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 24a

Abesbatzak Biziberrituz Euskara Egunaren izenburua ematen zion "Guk euskaraz, zuk zergatik ez?" kantatu zuen. Aitor Arotzena

Euskara Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu zituen Guk euskaraz… zuk zergatik ez? goiburupean

Bertze urtetan bezala aurten ere Lesakan Biziberrituz Euskara eguna ospatu dute San Juan bezperan. Euskara Batzordea Guk euskaraz… zuk zergatik ez? goiburupean, hainbat ekitaldi antolatu zituen. Egun honen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izan ohi da eta horretarako urtero herritar multzo ezberdinei zuzentzen zaio mezua. Aurtengoari dagokionez Lesakako gurasoetan eragin nahi izan dute; izan ere, euskararen erabilera neurtzen dituzten kale neurketa ezberdinek, gainbeherazko norabidea erakutsi baitute herritar multzo honetan. Ikusi argazkiak

Bertze urtetan bezala aurten ere Lesakan Biziberrituz Euskara eguna ospatu dute San Juan bezperan. Euskara Batzordea Guk euskaraz… zuk zergatik ez? goiburupean, hainbat ekitaldi antolatu zituen. Egun honen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izan ohi da eta horretarako urtero herritar multzo ezberdinei zuzentzen zaio mezua. Aurtengoari dagokionez Lesakako gurasoetan eragin nahi izan dute; izan ere, euskararen erabilera neurtzen dituzten kale neurketa ezberdinek, gainbeherazko norabidea erakutsi baitute herritar multzo honetan. Ikusi argazkiak

Horretarako gurasoengana zuzendu zuten Biziberrituz Euskara, eta Guraso Elkarteen bidez egin zuten egun berezia.

Egitarauari dagokionez, arratsaldean karrika buelta egin zuten Plaza Zaharretik Antoiuko parkera. Bertan, haur eta gurasoen artean Guk euskaraz murala margotu zuten, baina lehen euri tantekin, berriz ere plazara joatea erabaki zuten. Beratan, Euskararen fruitu goxoak jokoan aritu ziren, guraso batek eta haur batek osatutako bikotetan. Plaza inguruan zintzilik zeuden hitzak eta haien erranahia lotu behar zituzten, bertzeei galdetuz. Haurrak, gurasoak eta aitatxi-amatxiren bat galdezka ibili ziren han eta hemen, erranahiak topatu eta panel batean zintzilikatzen, elkarrekin jolastu bidenabarkoan garai bateko hitzak ikasten eta erabiltzen.

Ondotik hasi zen ekitaldi nagusia Plazan Zaharrean. Bortzirietako Bertso eskolak zenbait bertso kantatu zituen, Lesakako Abesbatzak Guk euskaraz… zuk zergatik ez? kantatu zuen eta Joseba Lasartek irakurri zuen egun honetarako Euskara Batzordeak prestatutako manifestua.

Euskara Batzordearen adierazpena irakurri ondotik, trikitilariak eta txalapartariak aritu ziren eta sua piztu zuten Begoña Gonzalez eta Arrate Egia, Irain eta Tantirumairu Guraso Elkarteetako kideek. Neska-mutikoak su gainean saltoka zebiltzan bitartean, Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta Lesakako dantzak (Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda) dantzatzeko aukera ere izan zuten herritarrek plazan. Azken urteetako ohiturari eutsiz, norberak antolatutako herri afaria egitekoa zen Euskara Batzordeak plaza inguruan jarritako mahaiak eta aulkiak erabilita, baina euriaren ondorioz, mahaiak Herriko Etxeko eta Alondegiko arkupetara eraman eta aterpe horietan afaldu zuten hainbat herritarrek. Gauerdira arte berbena izan zen Oharkabe taldearekin.

 

Euskara Batzordearen manifestua

Pasatu da apirila; pasatu da maiatza.

Gereziondoei hasierako hosto xuria loratu zaie. Adarretan gereziak zintzilik dituztela, eder ikusten dira mendietan, naturaren eskuak balira bezala, zabalduak diren eskuak, guri euren fruiturik goxoena eskainiaz.

Naturaren naturaltasuna, eskura eta doan. Ez al dira horiek gehiegitan guttiegi estimatzen ditugun ezaugarriak?

Pasatu da udaberria eta ailegatu da San Juan bezpera. Tradizio zaharrak bildu gaitu bertze urte batez suaren ondora; bakoitzak bere modura bizituko du: kartoiak bilduz, sua biztuz, salto eginez, nahi ez dugun hori sutara botaz.

Lesakako Euskara Batzordeak gaurkoan ere ez du hutsegin nahi izan, eta kanta batek hain ezagun egin zuen galdera hori ekarri nahi diogu gogora, gaurko suaren laguntzaz gure buruetatik kea atera dadin: Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Kalean egindako azken neurketek gurasoek euren artean eta euren seme-alabekin gazteleraz egiten dugula diote. Guraso euskaldun garenez, euskararekin badugu ardura garrantzitsu bat: gure esku egonen da gure seme-alabek euskarak guk hainbat maitatu, sentitu eta gozatu dezaten. Euskararen transmisioan, bestetan, ohituretan, balioekin gertatzen den bezala, gure hitzek baino gehiago egiten ahal dute gure ekintzek; hau da, gure seme alabek gu imitatuz joanen dira handituz…

Egia da gure seme-alabak baino lehenago etorri garela mundura; egia da eurek bainio ezagutza handiagoa dugula, baita errespetua zor digutela ere. Baina guk eurengandik badugu zer ikasia. Ez al da zoragarria eurek egunero lagunen artean euskaraz aditzea?

Matematika-eskolan, zenbakiak euskaraz zenbatuko dituzte; lagunekin soka-saltoan, euskaraz ariko dira; arbelean, euskarazk hizkiak irakurriko dituzte… baina gurasoen ahoan adituko duten euskara desberdina izango da, bakarra, maitasunezkoa, babesezkoa, erreferentzia bat. Ez diezaigun ukatu, faborez.

Euskara gure barruan dugun fruitu goxo bat delako eman diezaiegun, eskuzabal eta doan, egunera eta naturaltasunez, gure seme-alabei. Gure barrenean gordez gero, denborarekin ustelduko da.

Laster sua biztuko dugu; berarekin batera denon burutan bertze galdera bat ere biztu dadila: zuk euskaraz… nik zergatik ez?! Erre ditzagun gaur bertan gure beldun guztiak.

Biziberrituz euskara

Bizirik izanen gara

Adar idorrak eta belar txarrak

Bota ditzagun sutara.

San Juan bezpera ere pasatuko da, eta San Ferminak ailegatuko dira. Baita pasatu ere.

Biziberritzeko, etorriko diren egoera guztietara, baita zailenetara ere, egokitzen jakin behar da, aitzinera indartsu egin ahal izateko. Usteldutako egurrak ke beltza eragingo du, ez digu aitzinean duguna ikusten utziko. Ke beltzak begietan mina emanen digu, desagertu bitartean.

Hainbertze behar dugun eta hainbertze behar gaituen euskara ez dadin ke beltz bihurtu gu euskaraz eginen dugu… eta zuk, zergatik ez?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun