Berako Altzate auzoko bestak ospatu dituzte ekainaren 13tik 15era eta urtero bezala, giro ederrean ibili dira auzotarrak nahiz auzotik kanpo etorritako bisitariak. Ikusi argazkiak
Aurten lehen aldiz gazteak arduratu dira antolaketaz eta hagitz kontent daude lortutako emaitzarekin, “jende dexente animatu baita besta hauetaz gozatzera”. Alde negatiboa bilatzearren, lehenbiziko urtea zen antolatzaile gazteendako eta aipatu dute «pixko bat nahasia izan dela dena, esperientzia eskasiagatik eta baita jende gutti egon delako lanean». Beraz, hurrengo urteari begira, jende gehiago animatu nahiko lukete besta hauek antolatzeko.
Ortziraleko txupinazoa baino lehen zozketa egin zen. 2 pertsonentzat balnearioa, 2 pertsonentzat afaria Zalainen, 2 pertsonentzat gaua Urdaibaien eta saski eder bat Altzateko denden eskutik zozketatu zituzten eta oraingoz, saridun bakarra agertu da, Oskar Urkiola, 543 zenbakiaren jabea. Oraindik bigarren saria (222 zenbakia), hirugarren saria (654 zenbakia) eta laugarren saria (496 zenbakia) agertzekoak daude. Txartel hauen jabeek Purieneara agertu beharko dute sariaren bila.
Kontzertuak, karrikabueltak, zikiro-jatea, suzko zezena, jokuak edo funky eta jazz emanaldiak, denetarik izan da bestetan.