Berako Iturlandeta 2ko beheko aldean tanatorio edo beilatokia jarri behar dutela eta bere ezinegona agertu dute auzoko bizilagunek. «Ez dugu nahi inongo etxebizitzaren azpian tanatoriorik egotea, ez hemen eta ez inon ere» diote eta beilatokia leku egokian egitea posible dela uste dute.
Iturlandetako auzotarrek sinadura bilketa bat egiten ari dira eta Berako Udalarekin ere bildu dira. «Bilera hau hagitz frustrantea izan zen bizilagunentzat –diote– han ikusi genuelako udal buruen aldetik ez zutela adierazi inongo gogorik ez bitartekari izateko eta ez irtenbide egokirik bilatzeko ere». Bilera horretan, «heriotzarekin bertze harreman mota bat izateko eta hori gure seme-alabei trasmititu behar geniela-eta, gure buruarekin lan berezia egin behar genuela» adierazi omen zieten udal ordezkariek. Hori ongi dela eta egia dela onartu arren, «ibilbide horrek bere denbora behar du eta tamalez ez gaude prestatuak oraindik» diote bizilagunek.
Berak beilatokia toki egokian behar duela uste dute Iturlandetako auzotarrek, «herriaren erdian eraikin propio batean, erosoa, sarrera erraxa duena eta aparkatzeko toki nahikoarekin. Beran badaude inguru lasai eta atseginak diren eremuak». Tanatorioa Iturlandetan eginen balitz, «bizilagunak izan gaitezkeenak, gizaki sentiberak garenez, behartuta gaude hilaren senitartekoen oinazearekin topatzera, balkoia ateratzekoan, portalean, ondoko parkean eta hainbat momentutan».
Sinadura bilketaren bidez, udal ordenantzak aldatzea eskatu nahi diete udal ordezkariei, «beilatokirik ez eraikitzeko edozein etxebizitzaren azpian, bai bere jardueragatik, baita ibiliko den jendetzagatik eta ibilgailuengatik ere, bizilagunak kaltetzen dituelako eta eguneroko jarduera normaltasunez egitea oztopatzen duelako».