Don Julioren arrastoa izenburupean, Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko urte osoan eginen diren ekitaldien baitan Txistularien Topaketa ospatu zen ekainaren 15ean.
Igande goizeko 11etatik aitzinera kalejira egin zuten Mugarik Gabeko Txuntxuneroek Altzaten barna. Itzea atarian hasi zuten ibilbidea, Ai, hori begi ederrak joz eta Itzalbaitan gosaria eskaini zien Josu Goiak.
Txistulariek aktuazioa ere egin zuten Itzea barrenean. Bertan, harrera egin zieten txistulariei Pio Caro Baroja eta Josefina Jauregialzo senar-emazteek eta hauen alabak, Carmen Caro Jauregialzok. Berako Udalaren izenean, Marisol Taberna alkatearen eskutik, Josu Goiaren Urtzi Thorren Begia izeneko eskultura jaso zuten Caro Barojatarrek.
Eguerdian erraldoiekin batera ibili ziren txistulariak Altzaten eta akabatzeko Itzea aitzinean jo zuten. Guztira 75 bat txistulari bildu ziren Beran.
Hasiera batean, San Esteban elizan txistu eta organo kontzertua eskaintzekoa zen, baina azkenean irailera gibeleratzea erabaki zuten. Izan ere, urte osoan eskaini nahi zaio omenaldia Julio Caro Baroja zenari, bere jaiotzaren mendeurrenean.