Elias Garralda zenaren omenez Beti Gazte elkarteak, Udalaren eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen laguntzaz bigarren urtez antolatutako margoketa azkarreko lehiaketa egin zen ekainaren 8an Lesakan. 21 margolarik parte hartu zuten helduen lehiaketan eta bertze 20 haur ere karrikaz karrika hedatu ziren, beraien margolanak egiteko.
Margolanak entregatu ondotik, Arrano elkartean bazkaldu zuten margolari nagusiek eta Harriondoako erakusketa ikusteko aukera ere izan zuten. Bitartean, beraien margolanak ikusteko aukera izan zen Alondegiko arkupetan. Arratsaldean banatu zituzten sariak.
Umeen artean, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleen artean, lehen saria Nariara Ubiriarentzat izan zen eta bigarrena Fermin Bertizentzat. LHko 3. eta 4. mailako ikasleen artean, lehen saria Anne Pascualek eskuratu zuen eta bigarrena Asier Tabernak. LHko bosgarren eta seigarrem mailakoen artean sari bakarra eman zen, Garazi Migeltorenarentzat.
Helduen artean, berriz, 500 euroko lehen saria Logroñoko Jose Ignacio Ameliviak eskuratu zuen. Bigarren saria, Eibarko Esteban Orozek. Ermuako Jon Idigorasek ere 100 euroko akzesita eskuratu zuen, bere koadroaren kalitatearengatik. Herriko margolariek egindako margolan onenari emandako 150 euroko saria Raquel Arlegirentzat izan zen.
Epaimahaia herriko hiru margolarik osatu zuten, Juan Carlos Pikabea, Santiago Jorge eta Javier Igoak.