Condesa taldeko Zalain Transformados lantegian 24 orduko lan uztea egin dute eta lanera joan ez ziren langileek Iruñera joan ziren, Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuaren aitzinean elkarretaratzea egitea. ELA eta LABek deitutako lan uzteak produkzioa geldiarazi zuela adierazi zuten. UGTk eta CCOOk ez zuten lan uztea babestu.
Zalain Transformados lantegian, Condesa Taldeko bertze lantegiak bezalaxe, 2 hilabete pasa daramazkite lehengaia modu traketsean hornitzen eta goera hau sortu duten arrazoiak oraindik bere horretan segitzea, onartezina da Langile Batzordearentzat.
Condesa Taldearen mailako finantziazio arazo bat dela informatu die Zuzendaritzak. Hamar bankuz osaturiko talde batekin negoziatzen ari omen dira, kreditu kartak lortze arren, ArcelorMittalek modu egokian lehengaia hornitu ahal izateko. Zalaingo bezeroak dirua aurreratzen ari omen dira, lehengaia lortze arren.
Lantegiak, bere instalakuntzak bete-betean lanean aritzeko moduko lan zama dauka, baina bankuak, Condesa eta ArcelorMittal-en artean dauden negoziaketak direla eta, lantegiaren etorkizuna arriskuan gera daiteke. Horixe zen, hain zuzen, greba eta agerraldi honekin langileek salatu nahi zutena. «Herrialdeko bi enpresa daude egoera honetan, etorkizuna arriskuan, eta oraindik Nafar Gobernuak deus ez errana izatea ere salatu nahi dugu elkarretaratze honekin. Nafar Gobernuak oraindik deus ez adieraztea langileen ordezkariei ez eta nafar herritarrei, axolagabekeri bat dela deritzogu» adierazi zuten langileek, elkarretaratze hau beren bulegoen aitzinean egiteko arrazoitzat.
«Aipaturiko eragileei, Condesa, finantziazio erakundeak eta ArcelorMittal, negoziazio luzatze honi amaiera eman diezaioten» eskatu zieten Zalain Transformados-eko langileek, «taldeko bertze lantegietakoek bezalaxe, gure lana behar den bezala egin ahal dezagun».
Nafarroako Gobernuaren parte hartzea ere eskatu zuten, «erakunde desberdinen aitzinean bere betekizunak burutu ditzan, afera makurragora joan aitzinetik».