Emakumeen aurkako indarkeria kasuak saihesteko kontzientziario kanpaina egiteko eta horietakoren bat gertatu balitz salatzeko eta informazio zuzena eskaintzeko lila puntua jarriko du bigarren urtez Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Berdintasun Alorraren bidez, Lesakako Sanferminetako asteburuan, ortziralean eta larunbatean.
Orain artean salaketarik izan ez arren, Osasun Etxearekin, Foruzaingoarekin, udaltzainekin eta Lesakako Udalarekin solastu ondotik jakin dute emakumeen aurkako eraso eta jarrera bortzitzak bizitu izan direla azken urteotan Lesakako Sanferminetan, zehazki eraso saiakera bat eta drogen erabilera, hartzaileak kontzientzia galtzen du, erasotzaileak erraztasun guztiak izateko. Jokin Apezetxea, Mankomunitateko teknikariak, Ainara Flores eta Maider Arrieta Lesakako udal zinegotziekin egindako agerraldian aipatu duenez, «bai erasoa edo drogen erabilera, badirudi gure ingurutik kanpo gertatzen diren gertakizunak direla, baina Lesakako Sanferminetako asteburuan ere, masifikazioaren ondorioz, horrelako esperientziak bizitu direla jakinarazi eta salatzeaz gain, etorkizunekoak Lila Puntuaren bidez ekidin nahi ditugu».
Kanpaina honen barnean, Sanferminetako lila puntuaz gain, despiste kanpaina eta kontzientziazio liburuxka ere argitaratuko dituzte.
Sanferminetako standerako ere boluntarioak lortu nahi dituzte eta hauen inplikazioa behar beharrezkoa dela uste dute, jendartea kontzientziatzeko. Hortaz, ortziral edo larunbaterako turnoak egin nahi dutenek 948 635036 telefonora deitu edo ssb@lesaka.net helbide elektronikora idatz dezakete. Boluntario hauendako eta ostalariendako formazio saioak eginen dira ekain hondarrean.
Berrikuntza moduan, droga eta sexualitateari buruzko informazioa ere emanen dute sanferminetako stand-ean. Mankomunitatearen asmoa, ortziralean drogen azterketarako furgoneta bat jartzea da, eta drogen arriskuen inguruko informazioa eman. Sexualitateari dagokionez, babesik gabeko sexu harremanen arriskuaz informatuko dute eta horretarako diptikoak eta kondoiak banatuko dituzte.