Mendi bizikletaren erabilera sustatu eta indartzeko asmoarekin, mendi bizikleta eskola martxan hasi da asteburu honetan Igantziko Irrisarri Land Abentura Parkean. Estatu osoan, freeride eta enduro klaseak ematen dituen lehena da gainera. Aitzinera begira, BTT modalitate guzietako ikastaroez gain, asteko kanpamentuak udan, erakustaldiak, probak eta urritik aitzinera, mendi bizikleta eskola kirolean sartzeko asmoa dute.
Hegoi Ado, Irrisarri Landeko jardueren arduradunak aipatu duenez, «udan ikastaroak eta txapelketak eginen ditugu, baita Dirt Jump edo jauzi erakustaldiak ere. Uda ondotik Enduroko Nafarroako Openeko proba bat eta Dirt Jumpeko Espainiako Openeko bertze proba bat antolatu nahi ditugu, eta irailean eta urrian, mendi bizikleta eskolako kirola bezala sartu nahi dugu ikastetxetan». Hegoi Ado berak, Eneko Ade eta Martxel Arribillagarekin emanen ditu ikastaroak eta kanpamentuak. Hiru beratarrak monitore profesionalak dira.
Bartzelona eta Madrilen gisa honetako eskola gehiago badaude ere, inguru honetako lehenbizikoa izanen da Igantzikoa eta bizikletan hasten direnentzat, nahiz adin guztietako afizionatu eta profesionalei zuzendutakoa izanen da.