Guztiok Guraso Elkartearen aldeko elkartasun jaialdia arrakastatsua izan zen Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 2a

Jendetza bildu zen larunbat arratsaldean Altzateko frontoiko jaialdian. Utzitako argazkia

Dantza eta musika uztartu zituzten larunbatean Altzateko frontoiko emanaldi jendetsuan

Berako Abesbatzaren ekimenez, Guztiok Elkartearen aldeko elkartasun jaialdia egin zen maiatzaren 31n. Euriaren beldur, Altzateko plazan egin ordez Altzateko frontoian egin zen musika eta dantza uztartu zituen emanaldia. Jendetza bildu zen bertara, elkartasuna adierazi bidenabarkoan ikuskizun bikainaz gozatzeko. Ikusi argazkiak

Berako Abesbatzaren ekimenez, Guztiok Elkartearen aldeko elkartasun jaialdia egin zen maiatzaren 31n. Euriaren beldur, Altzateko plazan egin ordez Altzateko frontoian egin zen musika eta dantza uztartu zituen emanaldia. Jendetza bildu zen bertara, elkartasuna adierazi bidenabarkoan ikuskizun bikainaz gozatzeko. Ikusi argazkiak

Jaialdian, Gure Txokoako dantzarien saioarekin hasi zen. Ondotik, Bortzirietako Guztiok Elkarteko gurasoek aurkezpena egin zuten eta segidan, gurasoek eta Berako Abesbatzak “Hegoak” kantatu zuten elkarrekin. Amaia Leiza dantzariak Irungo Carlos Zapirain areto dantza eskolako kideek ere beraien emanaldiak eskaini zituzten. Berriz ere Gure Txokoako dantzariek hartu zuten txanda, Plazara dantzatuz, Berako Musika Bandaren doinuekin. Pettik eta Mugaldekoak taldeko Beñardo Goietxek eta Raul Garciak ere bere emanaldia eskaini zuten eta gero, Bera, Igantzi, Doneztebe, Lesaka, eta Berako Jubilatuen abesbatzek parte hartu zuten, Berako Musika Bandarekin batera Jaialdia, Nabucco eta Baldorba kantatuz.

 

Guztiok Guraso Taldea

Urtero egiten Bortzirietako ezintasun jardunaldien ondorioz, joan den urtean guraso talde bat elkartzen hasi eta Guztiok izeneko talde bat sortzea erabaki zuten. Talde hau, diagnostiko hagitz ezberdinak dituzten Bortzirietako haurren gurasoez osaturik dago eta adina ez da deustako kontuan hartzen. «Hemen beti dibertsitate funtzionalaz solasten dugu eta ez ezgaitasunaz. Bertan, liseriketa, bihotzeko, graun edota arazo fisikoak dituzten umeak aurkitu ditzakegu. Ikus daitekeen bezala, haurrak erabat desberdinak dira eta hori dela eta, jendea animatu eta parte hartzea gustatuko litzaiguke», diote Guztiok elkartetik.

Zonalde honetan bizi eta haur hauek behar bereziak dituztela kontuan hartuta sortu zen talde hau, «beti ere arazoak ditugulako baliabide hauek eduki ahal izateko». Horregatik, Guztiok taldeak beharrak dituzten haurrak bereganatu nahi ditu eta horrela denen artean beharrezko baliabideak lortu: «Aipatu baliabideak lortzea eta gure seme-alaben bizi kalitatea hobetzea da gure helburua».

Momentu honetan, Lesakako igerilekuan hidroterapia zerbitzua martxan jartzen saiatzen ari dira, gaitasun psikomotriza (fisio eta errehabilitazioa) eta jarrera arloekin zerikusia duten eremuak hobetu ahal izateko. Talde honetan parte hartu nahi duen edonorentzat ateak zabalik dituztela azpimarratu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun