Bidasoa aldeko artista eta eskulangileak Lesakako azokan bildu dira

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 2a

Artista berrienen lanak, berriz, Harriondoa Kultur Etxean liburutegia hartuko duen eremuan daude. Aitor Arotzena

Hainbat margolari eta eskultoreen lanak ikusgai izanen dira Harriondoan ekainaren 19ra arte

Gure artea gure artean goiburupean Bidasoa aldeko arte eta artisautzaren lehen azoka egin da maiatzaren 31n Lesakan, Bihotzkada Kolektiboak antolatuta. Eskulangileen lanak karrikaz karrika hedatu ziren eta artistenak berriz, Harriondoa Kultur Etxean eta Kolektiboko kideek margotu eta egokitutako konbentuan. Ikusi argazkiak

Gure artea gure artean goiburupean Bidasoa aldeko arte eta artisautzaren lehen azoka egin da maiatzaren 31n Lesakan, Bihotzkada Kolektiboak antolatuta. Eskulangileen lanak karrikaz karrika hedatu ziren eta artistenak berriz, Harriondoa Kultur Etxean eta Kolektiboko kideek margotu eta egokitutako konbentuan. Ikusi argazkiak

Bidasoa aldeko arte eta artisautzaren lehen azoka Bihotzkada Kolektiboaren manifestuaren irakurketarakin hasi zen: “Bihotzkada Kolektiboa, bertako artistok sortu eta osaturiko kolektiboa da, anitza eta irekia. Gure bazterretako izaera eta nortasunaren islada diren diziplina, korronte eta adierazpen artistiko oro batu nahi izan ditugu azoka honetan. Jarrera parte-hartzaile, kolektibo eta sortzaileaz, egun hau Bidasoa aldeko artisau eta artearen bilgune, agerleku eta erakusleiho izango denaren ilusioz jardun gara gure lehen urratsetan. Zeren jakin badakigu, denok barruan daukagun dizdiraz eta aldaketarako grinez, elkarriekin, zoko ilunak bazter koloretsu bihurtuko ditugula, eta molde eta loturetatik libratuaz gure sormenaren ezinegonari erantzun askatzailea emanen diogula. Lanbroak izkutatutakoaren ederra azaleratu eta partekatuz, herria piztuko dugu, kolorez, formaz, musikaz nahiz irudiz”, adierazi zuten, txalaparta, kantua eta bibolin soinuak laguntzaile zituztela.

Lesakako argazkilarien erakusketa orduan ireki zuten Alhondigan eta Bidasoa aldeko pintore eta eskultoreen erakusketa ireki zen Harriondoan. Lan hauek ekainaren 19ra bitarte ikusteko aukera izanen da. Hasiera batean 22ra arte egotekoak ziren, baina nonbait bazkari baterako eskatua dute aterpea eta lehenago bildu beharko dituzte artelanak. Hau ez da artisten kolektiboaren gogoko izan: «Pena da horrelako bilduma bat egitea lortu, eta bazkari batengatik lehenago bildu behar izatea. Bazkariak egiteko leku gehiago ere badira herrian» zioen Juan Carlos Pikabea margolariak. Izan ere, erakusketak sortu duen gastu bakarra «konbentua egokitzeko erabili dugun materiala eta pintura bertzerik ez da, hori dena geronek egin dugu eta gainera, gero herriarentzat geldituko da».

Eskulangileek herriko karriketan erakutsi eta saldu zituzten beraien lanak. Tartean, Eduardo Condek egur lanak nola egiten diren ere erakutsi zuen eta boluntarioek zozketa batean ere parte hartu zuten, Herriko Etxeko arkupetan, haurren pintura tailerra egin zen Jon Zabaleta margolariarekin. Artea ez zen Harriondoa Kultur Etxera mugatu, herriko hainbat horma margotu baitzituzten margolariek, tartean garai bateko garbitegiko barneko eta kanpoko paretak. Literaturaren txokoa ere jarri zen. Bazkalondoaren ere segitu zuen azokak eta olerkien irakurketa,Tantirumairu euskal folklore taldeko dantzarien emanaldia eta kontzertuak izan ziren Plaza Zaharrean. Goiz eta arratsaldez karrika animazioa izan zen, txistulariak, klown, Lesakako Abesbatza, kantautoreak, bertsolariak, txalaparta, malabaristak eta herri batukadarekin.

 

Erakusketa ekainaren 19ra arte

Erran bezala, Harriondoako erakusketa ekainaren 19ra bitarte egonen da zabalik. Ortzegun eta ortziraletan, 18:00etatik 21:00etara, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

Artista berrienen lanak ikusteko aukera izanen da liburutegia hartuko duen eremuan: Omar Cabello (Lesaka), Jone Taberna (Lesaka), Kemen Pumar (Lesaka), Jabier Fagoaga (Lesaka), Naike Ruiz (Lesaka), Estitxu Alvarez (Berroeta), Unai Ruiz (Bera), Andrea Gouraud (Bera), Oaia Perurena (Bera), Hodei Hernando (Etxalar), Nerea Olazabal (Irun), Maite Gaztelumendi (Irun), Jose Manuel Barahona (Lesaka), Begoña Durruti (Baztan), Alejandro Ordoki (Lesaka), Itziar Mikelperizena (Bera), Diana Iniesta (Arizkun), Juanma “Milingo” (Irun), Josu Goia (Bera), Edu (Berroeta), Nestor Basterretxea, Xabier Santxotena (Arizkun) eta Adrian Labadie (Etxalar).

Bidasoako margolari eta eskultoreen erakusketa, berriz, konbentuan dago ikusgai. Aldarea zegoen tokian, hildako margolariei omenaldia egiten zaie eta Javier Ciga, Menchu Gal, Juan Larramendi, Elias Garralda eta Kepa Arizmendiren lanak zintzilikatuta. Gainera, Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin, Javier Sagarzazu, Juan Carlos Olaetxea, Javier Igoa, Tomas Sobrino, Susana Zaldivar, Carmen Maura, Juan Ignacio Larra, Juan Carlos Pikabea, Nestor Basterretxea, Jon Zabaleta eta Teresa Lafraguaren margo eta eskultura lanak ikus daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun