Duela bederatzi urte, Ekaitza Elkarteak antolatuta, estreineko mendi itzulia egin zen. Hasierako bi urteetan jarraian izan bazen ere, 2.004tik aintzinera bi urtetik behin egitea erabaki zen. Ia zazpigarren edizioa izan da aurten. Joan den maiatzaren 18an, herria ia bikoiztu zen. Bortzehun eta hirurogeita zortzi mendizale bildu ziren herriko mendi zirkuaz gozatzera. Goizeko zazpiak baino lehen, antolatzaileek guzia prest zuten herriko plazan. Partaideak ere aski goiztiarrak izan ziren eta udaberriko eguraldi elegantea zetorrela ikusita, are ederragoa zen plazako argazkia. Herrikoak, inguruko bailaretakoak eta eskualdetik kanpokoak ere Arantzako martxa aukeratu zuten. Izenak eman, nahi zuenak kafe beroa hartu eta zazpietan puntual, altxaferuarekin batera lehenengo ehun mendizaleak abiatu ziren. Segidan, gainerako guziak mendirako bidea hartu zuten.
IBILBIDEARI BUELTA
Aurten, ibilbideari buelta eman zaio eta herritik behera beharrean, edizio honetan, gorantzko norantzkoa hartu zuen ibilbideak. Medikun etxetik barna, kanpo santu eskinetik gora, Goiko Gainera igo behar izan zen, Zepurun hurrengo kontrola izanik. Mendizale tropela harat ailegatu eta tira, hurrengo puntuan indarrak hartu zituen maldan gora jarraitu eta Ilurdi kaxkora ailegatzeko. Handik herriko mendirik altuenara, Ekaitzako tontorrera ailegatu eta beherantzko joera hartu zuen ibilaldiak. Xalbadorren Txabolan jatekoak eta edatekoak hartu ziren. Ondorengo pagadia eta itzalarekin bidaxkak eskertu zituzten mendizaleek. Bazterla, Oilargata, Izu, Itsaszelaita, Unanu, eta Aranibar izan ziren hurrengo puntuak. Beroaldia nabaria zen zati horretan eta hori ere nabaritu zuten mendizaleek. Ibilbidea bukatu bezain agudo, ostatuek eta elkarteak prestaturiko jatekoak eta edatekoak; nahi zuen horrek dutxatzeko aukera Aterpean… eta tira, bakoitzak bere bizipenak trukatzeko aukera izan zen. Oroigarriak ere hartu zituzten: Martiko patea eta motxila. Partaideen artean ere, iragarritako zozketak egin ziren: Lorpeneko galtzerdiak, Iparrak emaniko bi osteopatía-fisioterapia saio, Arantzako Hotelak bi pertsonentzako egonaldia…
Inguru eta paisaia ederrak ezagutu dituzte eskualdetik nahiz haratagotik etorri diren mendizaleek. Beti ere, herriko kaxkoa begibistan, Arantzako zirkoa inguratuz. Batzuk ezagutzen zuten, eta bertze batzuk lehenengo aldiz egin dute mendi buelta.
Mendian ibiltzeko ohitura duen horrek gozatu izanen zuen aurtengo edizioarekin. Izan ere, hasieran aipatu bezala, duela bi urteko eguraldiarekin ez zuen zerikusirik aurtengoak… opari ederra izan da aurtengoa!
Lerro hauek idaztean, antolakuntzak balorazio-bilerarik ez bazuen egina ere, Xorroxin Irratiari itzuliaren biharamunean antolatzaile taldeko kide batek eskainiriko elkarrizketan, hasierako inpresioa baikorra izan da. Makurrik gabe joan da aurtengoa eta kontent gelditu dira emaitzarekin.