Egitarau zabala antolatu du Altxatak ekainaren 1eko XII. Gasna Feria egunerako.
Goizeko 10:30ak alderako frontoi ingurua artisauez jantziko da. 11:00ak arte izanen da gasnak entregatzeko epea.
Berrikuntza bat izanen da aurten. I. goxo topaketa eginen da. Honen helburua etxeetako postreen inguruko jakintza zabaldu edo elkarbanatzea da. Aurtengoan gasna tarta da aurkeztu beharrekoa. Eguerdia baino lehen nahi duenak gasna tarta eta honen errezeta ekarri behar ditu frontoira. Parte hartzen dutenek bazkaria doan izanen dute eta artisau produktuen lote baten zozketan sartuko dira. Bazkariko txartela erosteko eta goxo topaketarako izena emateko kartelak Elutsa eta Herriko ostatuan jarrita daude; 67031920 telefonora deituta ere egin daiteke.
Hauxe da prestatu duten egitaraua:
• 12:15ean herriko trikitilarien saioa.
• 13:30ean ardi gasna onenaren saria banatuko da.
•14:30ean bazkaria frontoian.
• 18:30ean herriko dantzarien saioa.
Goiz osoan eskulan erakusketa izanen da eskola zaharrean eta nekazaritzako tresneriaren erakusketa Iriondoan. Altxatak talo postua jarriko du frontoian goizean eta bertako kideek egindako pate, goxogintza produktu, edari eta barra ere egonen dira aukeran. Lortutako dirua Altxatari laguntzeko erabiliko da.