Zalain Transformados-Condesa taldeko langileek 24 orduko greba egin zuten maiatzaren 12an. Lehengaia falta dela eta lantegiaren etorkizuna arriskuan gera daitekeela salatu du Lantegi Batzordeak: «Ez dago informazio garbirik eta zenbait instalakuntza gelditu behar izan dute». Hau dena salatzeko eta konponbideak eskatzeko manifestazioa ere egin zuten Gasteizen egun berean. Condesa taldeko Iruñeko eta Legutioko enpresa batzordeetako ordezkariak ere lagun izan zituzten.
Gasteizko manifestazioaren ondotik irakurri zuten agiriak dioenez, «egoera trakets hau lehenbailehen gainditu beharra dago». Izan ere, enpresak nahiko lan zama omen du era normalean lanean jarduteko eta langileen batzordearen erranetan, «badakigu Zalain hornitu beharreko lehengaia egina dagoela, hornitzaile lantegietan, baina arazo finantzieroengatik, Zuzendaritzak dioenez, gaia bertan geldirik daukate». Denbora gehiegi luzatzen ari da egoera honetan eta honela segituz, ondorio larriak izan daitezkeela uste du Lantegi Batzordeak. Horregatik, «gertatzen ari denari buruzko informazio osoa eta zintzoa izan arte ez dugu onartuko Zuzendaritzak aurkeztu nahi dituen erdi bideko neurririk». Gainera, Administrazio publikoek esku hartzea eskatu dute, «operazio honetan iruzurrik eman ez dadin eta jarduera egonkortu dadin».
Joan den astean bi orduko elkarretaratzeak egin zituzten langileek lantegi atarian eta maiatzaren 27tik ekainaren 6ra arte greba egitearen erregistratzea egin zuten.
Condesa Taldeak honako enpresa hauek ditu: Condesa Fabril eta Condesa Inox Legution. Perfil en Frio Berrioplano-Iruñean. Zalain Transformados eta Mecanizados Zalain Lesakan. Mieres Tubos Asturiasen. Tumesa Sagunton eta beste 4 lantegi Europan (Frantzia, Belgika, Alemania eta Italian). Enpresa hauetan 1700 langiletik goitik egiten dute lana.