Guztiok Guraso Elkartearen aldeko jaialdia antolatu du Berako Abesbatzak maiatzaren 31n

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 28a

Ezintasunari buruzko jardunaldietan egin zen Guztiok Guraso Elkartearen aurkezpena. Artxiboko argazkia

Dantza eta musika uztartuko dituzte Altzateko plazan larunbat arratsaldeko 6:30etik airzinera

Berako Abesbatzaren ekimenez, Guztiok Elkartearen alde kontzertua antolatu dute maiatzaren 31rako. Larunbatean 17:45etik aitzinera trikitilariak Berako karriketan barna ibiliko dira eta 18:30ean Altzateko Plazan jaialdia hasiko da hainbat talderen partehartzearekin.

Berako Abesbatzaren ekimenez, Guztiok Elkartearen alde kontzertua antolatu dute maiatzaren 31rako. Larunbatean 17:45etik aitzinera trikitilariak Berako karriketan barna ibiliko dira eta 18:30ean Altzateko Plazan jaialdia hasiko da hainbat talderen partehartzearekin.

Jaialdian, Gure Txokoako dantzarien saioaren ondotik, Bortzirietako Guztiok Elkarteko gurasoek aurkezpena eginen dute. Segidan, gurasoek eta Berako Abesbatzak Hegoak kantatuko dute elkarrekin. Amaia Leiza dantzariak Loretxoa dantzatuko du eta Irungo Carlos Zapirain areto dantza eskolako kideek Quick Step, vals ingles eta cha cha cha. Berriz ere Gure Txokoako dantzariek hartuko dute txanda eta Plazara dantzatuko dute, Berako Musika Bandaren doinuekin. Irungo Carlos Zapirain dantza eskolakoek boleroa eta rock&rolla dantzatu ondotik, kontzertuen txanda izanen da. Mugaldekoak eta Pettik bere emanaldia eskainiko dute eta gero, Bera, Igantzi, Doneztebe, Lesaka, eta Berako Jubilatuen abesbatzek parte hartuko dute, Berako Musika Bandarekin batera Jaialdia, Nabucco eta Baldorba kantatuz. Euria eginez gero, Altzateko frontoian izanen da ordubete inguru iraunen duen jaialdia.

 

Guztiok Guraso Taldea

Urtero egiten Bortzirietako ezintasun jardunaldien ondorioz, joan den urtean guraso talde bat elkartzen hasi eta Guztiok izeneko talde bat sortzea erabaki zuten. Talde hau, diagnostiko hagitz ezberdinak dituzten Bortzirietako haurren gurasoez osaturik dago eta adina ez da deustako kontuan hartzen. «Hemen beti dibertsitate funtzionalaz solasten dugu eta ez ezgaitasunaz. Bertan, liseriketa, bihotzeko, garun edota arazo fisikoak dituzten umeak aurkitu ditzakegu. Ikus daitekeen bezala, haurrak erabat desberdinak dira eta hori dela eta, jendea animatu eta parte hartzea gustatuko litzaiguke», diote Guztiok elkartetik.

Zonalde honetan bizi eta haur hauek behar bereziak dituztela kontuan hartuta sortu zen talde hau, «beti ere arazoak ditugulako baliabide gauek eduki ahal izateko». Horregatik, Guztiok taldeak beharrak dituzten haurrak bereganatu nahi ditu eta horrela denen artean beharrezko baliabideak lortu: «Aipatu baliabideak lortzea eta gure seme-alaben bizi kalitatea hobetzea da gure helburua».

Momentu honetan, Lesakako igerilekuan hidroterapia zerbitzua martxan jartzen saiatzen ari dira, gaitasun psikomotriza (fisio eta errehabilitazioa) eta jarrera arloekin zerikusia duten eremuak hobetu ahal izateko. Talde honetan parte hartu nahi duen edonorentzat ateak zabalik dituztela azpimarratu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun