Ate joka dugu ekainaren 8ko hitzordu haundia. Egun horretan, Euskal Herritar guztien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko Iruñea eta Durango batuko dituen 123 kilometroko giza-katea eginen da, Gure Esku Dago herri mugimenduak deituta. Eskuz esku bide osoa osatu nahi dute, herritarren partehartzearekin. Eskualdeko ehunka herritarrek atxikimendua adierazi diote ekimenari eta giza-katean parte hartuko dute, egokitu zaien kilometroetan, Itza eta Arakilen. 12:00-12:30 artean osatuko da katea eta eskualdetik autobusak aterako dira.
G. PIKABEA
Zer egin du orain arte Gure Esku Dago-k eskualdean?
Lesakan, adibidez, urtarrilean hasi ginen lanean, eskualdean lehenbiziko herria seguraski, eta gero herri bakoitzak bere erritmoa izan du. Herri gehienetan, ekimen desberdinak antolatzeko talde iraunkorrak daude lanean, eta talde iraunkorrez gain, laguntzaile aunitz daude ekimen horiek aitzinera ateratzeko. Orain arte, metroak saltzeko ekimen desberdinak egin ditugu. Lehendabizi aurkezpenak herri guztietan eta gero herri bakoitzeko taldeak beren dinamika propioak sortu ditu. Lip-dub-ak, mosaikoak, bideoak, argazkiak, Gure Esku Dago egunak... Denak helburu berdinarekin egin dira, jendea giza-katean parte hartzera animatzeko. Gustura gaude orain arte egindako lanarekin.
Gero eta hurbilago dago ekainaren 8a. Zein izan da lorpenik haundiena?
Giza-katean herritar aunitzek parte hartuko dugula izan da lorpenik haundiena, bakoitzaren pentsamolde desberdinekin, baina batzen gaituen ekimen batean elkartuko gara: erabakitzeko eskubidearen alde. Dinamika herritar guztiei zabaltzen saiatzen ari gara eta uste dugu lortzen ari garela. Egin diren ekimenetan milaka partehartzaile eta atxikimendu jaso ditugu.
Nolako eragile eta alderdiek eman diote dinamikari babesa?
Babesa edozein eragilek eman dezake, baina guk norbanakoak bilatzen ditugu, erabakitzeko eskubidearen alde dagoen edonor. Eta horrela, era aunitzetako jendea biltzen ari gara. Talde politikoetako militanteak ere egon daitezke Gure Esku Dago ekimenean lanean, baina ez talde horiek ordezkatzeko, beraien burua ordezkatuz baizik.
Eskualdeari begira, Baztan-Bidasoaldeari 108. kilometroa egokitu zaio, Areso eta Leitza 110. kilometroan izanen dira, Ipar Euskal Herriko herriak 111. eta 112. kilometroetan eta Arano eta Goizueta 102. kilometroan. Zenbat lagun behar dira kilometro horiek osatzeko?
Kilometro bakoitzean guttienez 400 pertsona behar dira, eta Baztan-Bidasoaldean, adibidez, 108. kilometroan, jadanik lortu ditugu. Gure helburua 600 pertsona lortzea da. Durango eta Iruñea batuko dituen giza-katerako 50.000 lagun inguru biltzea aurreikusi zen eta aisa bilduko da jendea. Datuek hori erraten digute behintzat. Baina ez gara 50.000 lagunekin konformatzen, ahalik eta jende kopuru haundiena lortu behar dugu. Metroak azken egunera arte eros daitezke.
Ekainaren 8ko giza-katearen ondotik zer?
Gerora begira lantalde bat dago martxan dagoeneko. Ekainaren 21ean 0 Batzarra eginen da, eta bertan batzar eratzailerako zimentuak jarriko dira.
Erabakitzeko eskubidea nolako proiektuak gauzatzeko?
Proiektu guztiek aukera izan dezaten...
Kataluniaren prozesua eta Euskal Herrikoa konparatzen ahal dira?
Bi herrialdeek ibilbide desberdinak izan dituzte, eta beraz, konparaezinak dira. Baina erabakitzeko eskubidea berdina da munduko herrialde guztietan, herrien eskubidea baita.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-katean parte hartzera animatu nahiko nuke jendea. Autobusak Beratik, Lesakatik, Doneztebetik eta Elizondotik aterako dira eta dohainik izanen dira. Beraz, bertan ikusiko gara!
GIZA-KATEA
GIZA-KATEABaztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarrei Itza herrian egotea egokitu zaie giza-katea osatzeko, 108. kilometroan. Leitza eta Aresokoak ere Itza herrian izanen dira, 110. kilometroan; Ipar Euskal Herriko herritarrak 111. eta 112. kilometroetan egonen dira, hauek ere Itza herrian. Goizuetarrak eta aranoarrak 102. kilometroan egonen dira, Arakilen.