Azken urteotan ohi denez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu. Aurten, Dindaia Fundazioa eta Lagunekin Jolasen elkartea arituko dira mankomunitatearekin batera udalekuak antolatzen eta programazioa prestatzen, eta bi enpresa horietako begiraleak arituko dira lanean udalekuetan. Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak uztailaren 7an hasiko dira eta abuztuaren 1era arte ariko dira. Igantzin eta Lesakan, udalekuak uztailaren 14an hasi eta abuztuaren 8an bukatuko.
Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik ortziralera izanen dira, 10:00etatik 13:00etara. Izen ematea maiatzaren 19an ireki da, eta zabalik egonen da hilaren 30era arte. Izen ematea Bortzirietako Euskara Mankomunitatean egin behar da: 948634125ra deituta (goizez) edo web orriaren bitartez (www.bortziriak.org)
Matrikulari dagokionez, ume bat apuntatuz gero, 90 euro balio du; bi anai-arreba baldin badira 150 euro; hiru anai-arreba izanik 180 euro. Ordainketa egiteko epea ekainaren 6an bukatuko da. Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean guttienez 8 neska-mutikok izen ematea. Udaleku irekietan adinaren arabera bi eskaintza egiten dira. Batetik, 3-6 urte bitartekoek udalekuetako ohiko ekintzak izanen dituzte. Bertzetik, 7-12 urte bitartekoentzat adin tarte horri egokitutako sormen tailerrak izanen dira, hau da, musika eta dantza tailerrak, ura eta naturarekin lotutako tailerrak, sukaldaritza, birtziklaia, txangoak, piratak, esku lanak…
Arrakasta handiko eskaintza
Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dutela erran daiteke. Azken urteotan 150 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan, eta 21 begirale aritu dira lanean. Gainera, azken edizioetan behar bereziak dituzten neska-mutikoek ere udalekuetan parte hartzeko aukera izan dute, eta gainerako umeekin integratzeko aukera paregabea izan dute.
Mankomunitateak udalekuak antolatzeko helburu nagusia da neska-mutikoei udako oporraldietan eta aisialdia bezalako erremu informal batean euskaraz gustuko dituzten ekintzak eskaintzea. Egia da, bertzalde, gaur egun udaleku hauek funtzio sozial bat ere betetzen dutela. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoentzat abantaila da horrelako eskaintza bat izatea, lana eta familia uztartzeko aukera ematen baitie.