Apirilaren 26 eta 27ko asteburuan Espainiako Skeet Olinpiko kopa jokatu zen Chesten (Valentzia). Aitzineko sei urteetan txapeldun izan ondotik, iaz azpitxapeldun izan zen lehiaketa honetan Itsaso Fagoaga lesakarra, baina aurten berriz ere titulua berreskuratzea lortu du. Ez hori bakarrik, 75 plateretik 68 hautsita, Espainiako errekor berria egin du.
Denboraldi berezia izaten ari da aurtengoa Itsaso Fagoagarentzat. Izan ere, Ingalaterran bizi da eta orain artean ezin izan du entrenatu, eskopeta eramatea galarazi baitzioten. Hortaz, Erregearen Kopan ez zuen parte hartzerik izan. Bai ordea Espainiako Kopan. Jone ahizpa Valentzia inguru horretan bizi dela kontuan hartuz, laguntzailea ere aldatu zuen eta Antton aitaren ordez, Jone izan zuen laguntzaile lehen aldiz, baita Aitor iloba ere.
Haize zakarra medio (orduko 100 kilometroko ufadak ere izan zituzten) ez zituzten tiratzeko baldintzarik onenak izan. Halere, Espainiako marka berria lortu zuen lesakarrak, 75 plateretik 68 hautsita. Lehenbiziko txandan 25etik 22 hautsi zituen, bigarren txandan 25 platerak hautsi zituen (txapelketan plenoa lortu zuen lehen tiralaria, gizasemeak ere kontuan hartuta) eta azkenekoan 25etik 21. Lehengo marka 63 plateretan zuen Madrilgo tiralari batek.
Joan den urtetik hasita, bertze baldintza batzuetan egiten dira skeet olinpiko txapelketak, platerak abiadura handiagoan ateratzen baitira eta platerak binaka gehiagotan aireratzen direlako. Lehenagoko modalitatean ere Itsaso Fagoagak zuen errekorra, 75etik 70 plater hautsita.