Ikasturte bukaera gero eta hurbilago dagoen honetan, kanpaldien tenorea ere ailegatu da. Joan den ortzegun eta ortziralean, 4 eta 5 urteko haurrak Zugarramurdiko sorginen etxean egotekoak ziren. Maiatzaren 27 eta 28an, lehen zikloko ikasleak Hondarribiko Elkano aterpetxean egonaldia eginen dute; eta eskolako zaharrenak ekainaren 9tik 15era Bartzelonara ikasbidaia eginen dute. Berdintasunaren programarekin ere lanean segitzen dute eta etxeko lanetan aritu dira: ohatzea egin, hautsa kendu, kristalak garbitu, arropa tolestu, fregona pasatu... Horrez gain, baratzea ere prest dute. Gorotza eta kisua hedatu ondotik, rotabatora pasatu eta agudo patata ereinen dute. Bertzetik, postu metereologikoa ere jarri dute eta lehenbiziko neurketak egiten hasiak dira: tenperatura, hezetasuna, haizearen abiadura eta norabidea, prezipitazio kopurua, eguraldia... Egunero datuak bildu eta batezbertzekoak ateratzen dituzte. Astero, txandatuz, ziklo bakoitzak ardura hartzen du. Apirilaren 14 eta 15ean, berriz, irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak antolatu zituzten. Ikasleek ekarritako liburuekin, eskolako gimasioa liburutegi bilakatu zuten; kamishibai saioak izan zituzten, ikasleek bikoteka irakurri zuten eskolan barna...