Gabrielen lekua sentikaria eskainiko dute maiatzaren 16an Berako Kultur Etxean

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 15a

Hainbat adierazpide artistiko elkartuko dira taula gainean. Utzitako argazkia

Antzerkia, musika, bertsoak eta irudiak uztartzen dituen ikuskizuna ortziral arratsaldeko 7ean hasiko da

Antzerkia, musika, bertsoa, irudiak eta bertze zenbait adierazpide artistiko uztartzen dituen Gabrielen lekua sentikaria ikusgai izanen da maiatzaren 16an, ortziral arratsaldeko 7etatik aitzinera Berako Kultur Etxean. Toki Ona Institutuak, Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako emanaldi honetarako sarrera 7 eurokoa izanen da.

Antzerkia, musika, bertsoa, irudiak eta bertze zenbait adierazpide artistiko uztartzen dituen Gabrielen lekua sentikaria ikusgai izanen da maiatzaren 16an, ortziral arratsaldeko 7etatik aitzinera Berako Kultur Etxean. Toki Ona Institutuak, Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako emanaldi honetarako sarrera 7 eurokoa izanen da.

Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea du helburu sentikari honek. Sentikaria dela diote, horixe baita antzezlan honen xedea: ikus-entzuleen bihotzbegietan azkura sorraraztea. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izanen da; bertze batzuentzat deskubrimendua.

Arestiren lekuak hartu dituzte horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea… euskal literatura, euskal kultura… Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotuko dituzte leku bat edo bertzearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izanen dute emankizunean.

Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna izanen da. Hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikus-entzunezkoak…eta bi pertsonaiek eramango dute kontakizunaren ardatza. Ikuskizunean denetik izanen da, Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute mamia.

 

Obraren ezaugarriak

Gidoia: Oier Guillan eta Andoni Egaña
Ikus-entzunezkoak: Alain Urrutia
Musika: Rafa Rueda
Sorkuntzalagun: Xabier Monasterio.

Eskenan elkartuko dira: 2 aktore:
Ainhoa Alberdi eta
Iraia Elias. 3 musikari:
Rafa Rueda: Gitarra, mandolina, ukelelea, banjoa Iban Urizar: Tronpeta, korneta. Perkusioa: Naia Membrillera. Bertsolaria: Andoni Egaña.
Deklamatzailea: Oier Guillan.
Alain Urrutiak sortutako irudiak.
Soinu teknikaria: Jonan Ordorika.
Argi teknikaria: Ander Fernandez


Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna (www.gabrielaresti.eu). Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez, egun, inoiz baino presenteago dagoena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun