Landa eremuko eskolen IV. Jardunaldiak Lesakan eginen dituzte maiatzaren 17an

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 14a

Bertze proiektuen artean, Arantzako Eskola baratza ere ezagutzera emanen da. Artxiboko argazkia

Larunbat goizean bilduko dira 70 landa eskolako ordezkariak Irain eskola publikoan

Nafarroako landa eremuko eskolen laugarren jardunaldiak eginen dira maiatzaren 17an Lesakako Irain eskolan, larunbateko 10:00etatik 14:30era. Jardunaldi hauetan Nafarroako landa eremuko eskola txikietan burutzen diren proiektu eta esperientziak aurkezten dira, lan egiteko modua eta eskolek gure herrietan duten garrantzia azaltzen da. Jardunaldi irekiak dira, hezkuntz komunitate guztiarentzako.

Nafarroako landa eremuko eskolen laugarren jardunaldiak eginen dira maiatzaren 17an Lesakako Irain eskolan, larunbateko 10:00etatik 14:30era. Jardunaldi hauetan Nafarroako landa eremuko eskola txikietan burutzen diren proiektu eta esperientziak aurkezten dira, lan egiteko modua eta eskolek gure herrietan duten garrantzia azaltzen da. Jardunaldi irekiak dira, hezkuntz komunitate guztiarentzako.

Nafarroan 12 gunetan banatutako 70 landa eskola baino gehiago daude. Jardunaldi honek hiru helburu nagusi ditu: alde batetik, Nafarroako landa eskolek abian jarri duten lana ezagutaraztea; bestetik, landa eskolak elkar ezagutu eta lankidetzan jardun daitezen bultzatzea; eta, azkenik, eskola hauetan ematen diren eta irakasle eta hezkuntza eragile gehienek ezagutzen ez dituzten lan dinamikak ezagutzera ematea gizartean.

Harrera eta jardunaldiaren aurkezpenaren ondotik, bi txandatan lantegiak eginen dira. Bortzirietako eskolei dagokienez, Etxalarko Landagain eskolako Aintzane Ollokiegi Eskola inklusiboaz ariko da; Arantzako eskolako Aitor Elexpuru “Eskola baratza” proiektuaz ariko da eta Raul Garcia, Etxalar, Igantzi eta Arantzako eskoletan burutzen duten antzerki eta adierazpen tailerraz ariko da.

Horietaz aparte, Iturmendiko Arrano Beltza ikastetxe publikoak “Antzerki eleanitza: adin ezberdinetako haurrek elkarrekin lan egin eta hizkuntza ezberdinetan ahozkotasuna garatzeko ekintzak” solasaldia eskainiko du; Urrozko eskolak “La lana: transformación de una materia prima de modo artesanal”, gazteleraz; Erronkariko Julian Gayarre ikastetxe publikoak “Erronkaritik Afrikara elkartasunaren bidetik”; Aibarko ikastetxeak “Educ-acción; hacia una coherencia entre ser y hacer” gazteleraz; Añorbeko ikastetxeak “Educación para el desarrollo en una escuela rural”; Arbizuko eskolak “Eskuz esku, eskola” eta Urdiaingo eskolak “Proyecto científico: desastres naturales”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun