Maiatzaren 9an Nafarroako herriarteko pilota txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu zen Berako Eztegara pilotalekuan. Bera eta Iruña izan ziren aurrez aurre eta beratarrek lau partidetatik hiru irabazi zizkieten gaur egungo txapeldunei.
Ortziral arratseko lehengo bi partidak hagitz laburrak izan ziren markagailuan izandako diferentziagatik. Alebin mailakoan, Berako Sese eta Telletxeak 18 eta 6 irabazi zioten Iruñeko bikoteari. Infantil mailan, berriz, Berako Eltzaurdia eta Ordokik 2 eta 18 galdu zuten Iruñeko Mata eta Cordonen kontra.
Hirugarren partida errazagoa izanen zela uste zuten Berako ordezkariek, baina partida erdialdean nahiz eta Berakoak aisa irabazten egon, Oberena klubekoek 16 tanto egin zituzten. Azkenean, Berako Mitxelena eta Olaizolak 22-16 irabazi zieten Iruñeko Jamar eta Iruritari.
Honen ondorioz, Berako senior kategorikoek 20 tanto egin beharko zituzten azken partidan berdintzeko. Azken partidan sorpresa handia izan zen, Berako bikoteak (Errandonea eta Martinez, biak lehen urteko jubenilak) senior kategoriako pilotariei irabazi zietelako. Ez nolanahi gainera, 9 tantutan utzi baitzituzten Mayans eta Etxegoien.
Aipagarriena, Eztegara frontoian bildu zen jendetza, giro bikaina izan baitzen, eta senior kategorian Errandonea-Martinez jubenilak emandako sorpresa izan zen. Hurrengo jardunaldia Huarten jokatuko dute ortziralean Berako pilotariek.