120 txirrindularik hartu zuen parte Lesakan Salvador Yanciren omenez egindako martxan

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 12a

Amaia Ostolaitz eta Ander Abuinek aurreskua dantzatu zioten Salvador Yanci zenaren familiari. Juanjo Guerrero

Irteeran omenaldia eskaini zitzaion familiari

Lesakako Beti Gazte elkarteko zuzendaritza batzordean hiru hamarkadatan eta azken 16 urteak presidente izan zen Salvador Yanci zenaren omenez lehen aldiz antolatutako martxa zikloturistan 120 txirindulari hartu zuten parte maiatzaren 11n. Beti Gazte elkarteak ez ezik, eskualdeko txirrindularitza taldeek parte hartu zuten antolaketan, Lesakan hasi eta bukatu zen 110 kilometroko proba osatzeko. 

Txirrindulariak abiatu baino lehen, omenaldi xume bezain hunkigarria eskaini zitzaion Salvador Yanci zenaren familiari. Amaia Ostolaitz eta Ander Abuin dantzariek, Markel Maia txistulari zutela, aurreskua dantzatu zieten Marisol Irigoien alargunari eta Javier eta Leire seme-alabei, baita Beratik hurbildutako anai-arrebei ere. Ondotik, txirrindularitza arloan Yancirekin batera hainbat lanetan aritu zen Pedro Bañares doneztebarrak lore-xorta eman zion alargunari. Familiak eskertu nahi izan zuen omenaldia eta parte hartu zuten txirrindularien borondatea.

Zenbaitetan euriari aurre eginez, txirrindulariak Lesakatik Berara joan eta berriz ere Lesakan sartuko ziren, Piedadeko gainan barna Igantzira joateko; Sunbilla, Doneztebeko bidegurutzea, Legasako bidegurutzea, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Elizondo, Otxondoko gaina, Dantxarinea, Zugarramurdi, Berruet Benta, Sara, Lizaietako gaina eta Etxalarren barna igaro ondotik, Plaza Zaharrean helmugaratu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun