Mikel Alzuri Apezetxea aranztarra kirolzale eta mendigoizale amorratua da. Lasterka nahiz mendian aski zaulia izan da betidanik. Iaztik, bere lehengusua den Asier Apezetxeak animatuta, kilometro bertikaletako lasterkaldi eta txapelketetan dabil. Asier ere, mendiko bizikletako probak utzita, Mikelekin batera lasterkaldi hauetan ari da. Berriki, apirilaren 12an Huescan (Oturia), Espainiako bertikalen txapelketarako puntuagarria den lasterkaldian 19. postua lortu zuen Mikelek, aitzineko edizioko txapeldunaren denbora hobetuz. 168 partaide izan zituen probak eta 46 minutuan ibilaldia egin zuen. Iaz ere, Anboto eta Uharte Arakilgo kilometro bertikaletan postu onak eskuratu zituen. Aurtengoari dagokionez, maiatzean izanen diren Endaltsakoa eta Larungoa egiteko asmoa du; eta bertzalde, Benasque, Panticosa, Araia-Aratz, eta Uharte Arakilgo lasterkaldiak ere bere agendan apuntatuak ditu. Kirol gogorra bada ere, Mikelek erran digunez, ahalik eta proba gehien egiteko asmoa du. Astean, bortz egunetan entrenatzen du entrenatzaile batekin eta tira, sakrifikatu xamarra bada ere, zaletasunak oraingoz bizirik dirau. Erranerak dioen bezala, gustoko lekuan aldaparik ez! Oraingoz maldek Mikel ez dute beldurtzen! Baina herrian ere, gazte batzuk zenbait probetan parte hartzen ari dira: Beran egindako maratoi erdian, Asier Apezetxea, Dani eta Jabier Iparragirre, eta Imanol Lukanbiok lasterkaldi bikainak egin zituzten. Zaletasun guzietan ere, garrantzitsuena gozatzea! Bejondeizuela!