Gutti gelditzen da mendi itzulirako. Ekaitza Elkartea burubelarri ari da maiatzaren 18rako dena prestatzen. Eguraldiak laguntzen baldin badu, herria begibistan dela, Arantzako zirkua egiteko modua izanen da aurten ere. Duela bi urteko eguraldia ez errepikatzea espero dugu, hain ibilaldi ederra zapuztu baitzuen. Aurten gainera, mendi itzulia desberdina izanen da. Izan ere, alderantzizko noranzkoa hartuko du: plaza, Bulatxiki, Zepuru, Mairubaratza, Illurdi, Mendaur (aukerakoa), Ekaitza, Bazterla, Oilargata, Izu, Unanu, Aranibar eta plaza. Mendaur igotzen dutenek 27,8 kilometroko itzulia eginen dute eta Mendaur gabe 25,2 kilometro izanen dira. Kontrol eta jateko nahiz edatekoak aitzineko edizioetako leku berberetan izanen dira.
Izen-ematea aitzinetik egin daiteke www.menditzulia.com edo www.mendizmendi.comen edo bertzenaz egunean bertan ere egin daiteke, 06:30etik aitzinera. Mendian federatuek 10 euro eta ez federatuek 12 euro ordaindu beharko dute. Egunean berean parte hartzaileen artean opariak ere zozketatuko dituzte.
Aipatzekoa da, emakume nahiz gizonentzako kamiseta termikoak salgai daudela herriko ostatuetan 20 eurotan.
Aspalditik iragarria bagenuen ere, badakizue, mendi itzuliarekin aukera paregabea izanen da mendi eta parajeez gozatzeko!