Salvador Yanci zenaren omenez txirrindularitza proba eginen da

Aitor AROTZENA 2014ko maiatzaren 1a

103 kilometroko ibilbidea osatuko dute

Beti Gazte elkarteko zuzendaritza batzordean hiru hamarkadatan eta azken 16 urteak presidente izan zen Salvador Yanci zenaren omenez lehen aldiz antolatutako martxa zikloturista maiatzaren 11an eginen da. Beti Gazte elkarteak ez ezik, Gure Txokoa, Baztandarra, Urtxintxa, Aizan eta Erre­ka txirrindularitza taldeek parte hartuko dute antolaketan. Ibilbidea 103 kilometrokoa izanen da, Lesakan hasi eta bukatu. Goizeko 9:00etan abiatuta, Lesakatik Berara joan eta berriz ere Lesakan sartuko dira txirrindulariak, Piedadeko gainan barna Igantzira joateko; Sunbilla, Doneztebeko bidegurutzea, Legasako bidegurutzea, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Elizondo, Otxondoko gaina, Dantxarinea, Zuga­rramurdi, Berruet Benta, Sara, Lizaietako gaina eta Etxalarren barna igaro ondotik, Plaza Za­ha­rrean helmugaratuko dira partehartzaileak.
 
Aitzinetik izen eman daiteke  maiatzaren 7a bitarte Beti Gazteren webgunean. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dute eta federatu ez direnek 15 euro. Beti Gazteko bazkideei dagokienez, federatuek 7 euro eta federatu gabekoek 12 euro ordainduko dute. Bertzela, egun berean eman daiteke izena Herriko Etxeko arkupetan, 7:00etatik 08:30era. Kasu honetan, federatuek 15 euro eta federatu gabeek 20 euro; Beti Gazteko bazkide federatuek 12 euro eta federatuta ez daudenek 17 euro ordainduko dituzte.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun