«Gibelean sortzen diren tumoreen %80ak gibel zirrotikoan du jatorria»

Gurutze PIKABEA 2014ko mai. 1a, 10:27

Matxus Perugorria beratarrak Biodonostia Ikerketa Zentroan egiten du lan. Utzitako argazkia

Biologia eta Biokimika ikasketak egin ondotik, gibeleko gaitz kronikoen in­gu­ruan doktore­tza egin zuen Matxus Perugorriak. Gaia­rekiko in­teresak erakarrita, Ingalaterrara joan zen eta hiru urtez han ibili da Fi­bro­si He­pa­ti­koan sa­kontzen. Orain, ordea, Eus­­kal He­rrira itzulia da Iker­bas­que Fun­da­zioak nazioartean dauden ikertzaile gazteak erakartzeko egin duen deial­dia­ri esker. Eskaera haundia den arren, Ma­txusek beka horietako bat lortu du eta gaur egun, Bio­do­nos­tia Zen­troan egiten du lan gibeleko gaixotasun kronikoak aztertzen.

Gurutze PIKABEA

Zein izan da orain arte egin duzun ibilbidea?

Biologia eta Biokimika ikas­ketak Iruñean egin ondotik, CIMAko Hepato­logia Departamentuan egin nuen doktoretza, Car­­men Berasain zien­tzia­lari beratarraren taldean. Doktoretzan gaixo­tasun hepatiko kronikoan lan egin nuen, batez ere, gibeleko tumore primarioa (hepatokartzinoma) nola sortzen den iker­tzen. Gibelean sor­tzen diren tumoreen %80­ak gibel zirrotikoan du jatorria­, beraz, zirrosian gertatzen diren prozesuak ikertzea hagitz garrantzisua zela ikusirik, doktoretza buka­tu eta fibrosi prozesuan iker­tzen jarraitzeko atze­rri­ra joatea erabaki nuen.

Ingalaterran egon zara, baina zertan zehazki?

Hiru urte pasatxo eman ditut Ingalaterran, Newcastle-en, Fibrosi Hepatikoan sakontzen. Mundu mailan fibrosian erreferente den ikertzaile batekin lanean aritu naiz. Fi­brosi hepatikoa gibelean gertatzen den zikatrizazio prozesu bat da. Hau da, gibelari kalte egiten dion faktore bat dagoenean, inflamazio prozesu­ bat gertatzen da lehenik, eta erreparazio edo zika­trizazio (fibrosi) prozesu bat ondotik. Prozesu horiek kroniko bihurtzen direnean sortzen dira arazoak eta azkenean zirrosia agertzen da. Gibelean fibrosian espezializatuak diren zelula batzuk daude, zelula estelar izenekoak. Hauek fibrosian ikusten dugun fibra hori sortzeaz arduratzen dira, kolagenoa batez ere. New­castle-en prozesu hau ikertzen ibili naiz, zelula hauekin lanean sendabideen bila. 

Gaur egun, gibelean gertatzen diren prozesu patologikoak iker­tzen dituzu Donostiako Biodonostia Ikerketa Zentroan. Azaldu...

Biodonostian zortzi ikerketa ardatz nagusi daude­ eta gaixoaren beharrei zuzendutako ikerketa egiten dugu. Ikerketa talde horien artean gaixotasun hepatikoan lan egiten dugunak gaude. Biodonos­tian­ Donostia Unibertsita­te Ospitala­rekin harreman zuzena du­gunez, gaixoen laginak lortzeko aukera dugu.­ Hauen bitartez, gaixoek dituzten alte­ra­zioak­ ikasi eta hauen­ sendabideak bilatzen saia­tzen gara zelu­letan lehenengo eta animalietan ondo­tik. Gure azken helburua oraindik senda­biderik ez duten gaixotasun hauen­tza­ko diana ­terapeutiko be­rriak aurki­tzea da.

Denok badakigu gibela garrantzitsua dela. Baina zenbateraino?

Gibela gorputzeko organu hagitz garrantzitsua da, metabolismoaren erre­­gulazioaz eta sustan­tzia aunitzen detoxifikazioaz arduratzen baita. Kontuan hartu behar da barneratzen dugun ge­hien­goa gibeletik pasa­tzen dela lehenik, eta beraz, zaintzea garran­tzi­sua da. Halere, ez da behar bezainbertze egiten, gehiago egin genezake. 

Nola egiten diogu batez ere kalte gibelari?

Gaixotasun hepatikoan parte hartzen duten fakto­re etiologikoen artean alkohola, toxinak, drogak eta obesitatea daude. Faktore hauek guztiak saihestuz modu batean gibelari kalte egitea ekidin genezake. Azken aldian, obesitatearekin eta arazo metabolikoekin ha­rremana duten gibeleko gaixotasunek (esteatohe­patitis ez-alkoholikoa, adi­bidez) gora egin dute­. Beraz, dietak eta gaur egun daramagun bizimoduak ere bere eragi­na izan dezakete.

Nola doa ikerketa?

Orain, proiektu interesga­rri aunitz ditugu esku artean eta hagitz kontent nago. Duela gutti gaixota­sun genetikoa den poli­kis­tosi hepatikoan ga­rran­tzitsua den prozesu bat identifikatu dugu eta etorkizun batean gaixo hauentzako sendabide izan daitekeen sendagaia ikertzen ari gara. Hortaz gain, gibeleko fibrogenesi arloan ja­rraitzen dut lanean, kasu honetan aus­triar talde batekin kolaboratzen. Ber­tze proiektu garrantzitsuen artean, gibeleko prozesu tumoralak ikertzen gabiltza, hepatokartzinoma eta kolangiokartzinoma tumoreak direnak.

ETORKIZUNA

«Positiboki pentsatu nahi nuke eta datozen urteetan ikerkuntzak aitzinera jarraituko due­la sinetsi. Ikerketa garrantzitsua da, edozein ar­lotan ezagutza be­rria sor­tzea be­ha­rrez­koa da, hala nola, sendabide be­rriak lor­tzeko, biomaterial ­ be­rriak garatzeko... Az­ken finean, gizartearen onura eskuratzeko.

ETXEKOAK GOGOAN

«Familiari eskerrak eman nahi dizkiot, gu­ra­soei batez ere, bide ho­netan ondoan izan ditudalako eta au­nitz balora­tzen du­da­lako egin duten es­for­tzua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun