Mutuen erreforma salatu du LABek Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko apirilaren 17a

LAB sindikatuko ordezkariak apirilaren 3an Beran egin zuten agerraldian. Utzitako argazkia

Apirilaren 3an egindako elkarretaratzean mutua kontratuak erre zituzten

LAB sindikatuak apirilaren 3an Berako Mutuavenir mutuaren ai­tzinean egindako kon­tzentrazioan mutua kontratuak erre zituen, etor­tzekoa den mutuen erre­forma salatzeko eta izanen dituen ondorioak azaltzeko.

PPren gobernua pres­tatzen ari den dekretuaren arabera, erre­forma berriak, kontingentzia profesionaletatik aparte, kontingen­tzia komunak eta eritasun jarraipena egiteko aukera emanen die Mutuei. «Azken finean Enpresarien asoziazioak diren mutua hauen helburua gure osasunarekin negozioa egitea da eta praktikan sendatu baino, ahalik eta azkarrenen langilea lanera itzultzea dute helburu, horretarako presioa eginez langileei», aipatu zuen LAB sindikatuak.

ERREFORMA GELDITZEA ESKATU DUTE

Hori dela eta LABek erreforma hau gelditzeko eskatu eta honek ekarriko duen osasunaren pribatizazioa salatu zuen eta alternatibak planteatuko ditu lantegietan. Hain zuzen, «kalitatezko osasun zerbi­tzu publiko eta eraginkor bat, eta horren baitan enpresek kontingentzia komun eta profesionalak Seguritate Sozialarekin kontrata­tzea» da LABek proposatzen duen alternatiba. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun