Azken hilabeteetan Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Mankomunitateak zabor organikoa konpostatzea bultzatu nahian dabiltza. Elkar lanean ari dira, herriz-herri informazio bilerak egiten. Gurean martxo bukaeran eta apiril hasieran hiru bilera egin dituzte, azkenak apirilaren 14an eta 15ean. Apirilaren 28tik maiatzaren akabera bitartean, herri guztietatik barna ibiliko dira Mankomunitatekoak, heziketa jardunaldiak eginaz, jendeari konposta nola egin behar duen erakusteko. Gai honekin zerikusi zuzena dauka azken egun hauetan hainbat zabor ontzi berde kendu izanak. Hemendik aitzinera, konposta egiten duten herritarren kopuruak gora egin ahala, aunitz jaitsiko baita ontzi berdeetara botako den zaborra. Bertze aldetik, herri sarrerako aparkalekuan zabor ontzi zuria jarri dute. Ontzi horretara arropa, oinetakoak, maindireak… botatzen ahal dira poltsa itxietan.