Berako San Jose zahar etxea indartsu dabil eta apirilaren 22tik 27ra ekintzaz betetako Aste Kulturala antolatu du: talogileak, Saroberen eskutik postre tailerra, musikariak, bertsolariak, mus eta oca txapelketa… izanen dituzte.
Ekintza guztiak arratsaldeko 5etan hasiko dira.
Apirilaren 22an, asteartea, Maria Mitxelena Etxalarko talogilearekin taloak egiten ikasiko dute.
Apirilaren 23an, asteazkena, Sarobe pasteleriko Iñigo Sarobek postre tailer txiki bat eskeiniko du
Apirilaren 24an, ortzegunean, Elkarrizanen bidez Errenteriko eta Pasaiko musikariek doinuak aditzeko modua izanen dute Zahar Etxean.
Apirilaren 25ean, ortziralean, bertso saioa izanen dute. Ioar Tainta, Julen Zelaieta, Manu Goiogana eta Patxi Castillo ariko dira bertsotan eta Iban Garro gai jartzaile.
Apirilaren 26an, larunbatean, mus ta oca txapelketa jokatuko dute. Zahar etxeko bizilaguna eta herritarra izan beharko dute bikote.
Igandeko egitaraua oraindik zehazteko dago.
Bertze aldetik, apirilaren 9an, Berako zahar etxeko bizilagunek berriz aukera izan zuten zinemara joateko eta, nola ez, modan dagoen "8 apellidos vascos" ikusteko. Zein beraiek baino hobeak, zortzi abizen euskaldunak dituztenean.