Lur ez urbanizagarrien plan bereziaren aurkezpena eginen du Lesakako Udalak apirilaren 15ean, astearte arratsaldeko 8etan Herriko Etxeko batzar gelan. Plan honen helburua, ez urbanizagarriak diren lurretan baimendu daitezkeen jarduerak erregulatzen dituen arautegia definitzea da, Foru araudiak ezarritakoaren eta Nafarroako Gobernuak 2011n onartutako POT2 Planari egokituz.
POT2 Plan honek hiri lurretik kanpo etxebizitzak eraikitzeko baldintzak zorroztu zituen. Honek, 2011 aurretik eta ondotik ere, hainbat etxebizitzen eraikuntza geldiarazi edo eraikuntza bera hastea geldiarazi du. Hau ikusirik eta “POT.2”-ak eskatu bezala, Lesakako Lur Ez Urbanizagarrien egoera aztertu eta plangintza bat garatu du Udalak, Lur Ez Urbanizagarrien Plan Berezia hain zuzen ere. Gai hau Nafarroako Gobernuan ardura duen teknikari batekin eta lur ez urbanizagarrietan aditua den Jabier Lekuona arkitektoarekin landu da. Prozesuan zirriborro eta proposamen ezberdinak aztertu dira, baina momentu oro Lesakako Lur Ez Urbanizagarrien Plan Berezia, Nafarroako Gobernuak onartutako “POT2”ak zehazten dituen neurrien eta Foru araudian ezarritakoaren menpe egon da.
Dokumentu hau Plan berezi bat da, baina ez ditu Lesakako Udal Planak ezarritako hiri lur, lur urbanizagarri eta ez urbanizagarrien mugak aldatzen. Beraz, ez da Udal Planaren errebisio lan bat, indarrean dagoen Udal Planean jasotzen diren lur ez urbanizagarriak era zehatzean erregulatzen dituen Udalerrirako antolaketa tresna baizik.
Ilbeltzaren 31ko batzarrean eman zitzaion hasierako onespena Javier Lekuona arkitektoak landutako plan bereziari eta hilabete batez jendaurrean jarri zen espedientea. Gaia duen garrantzia dela eta, erakusketa publikoaren epea apirilaren 28ra bitarte luzatu da.