Apirilaren 13an, Nafarroako VI mendi lasterketen txapelketaren abiapuntu izanen den Berako X. Mendi Maratoi Erdian 525 lagun baino gehiagok parte hartuko dute aurten. Manttalek, Gure Txokoak eta Agerra Mendi Taldeak antolatutako probak ez du aldaketarik izanen bertze urteei dagokionez. Beraz, 21 kilometroko luzera izanik, 2.714 metrotako desnibel pilatua izanen du. Larun mendia, 900 metrotan, izanen da punturik altuena.
Didier Zago seigarren aldiz irabazten saiatuko da, baita berak duen errekorra hobetzen (1:38:11, 2011 urtean lortua). Feas-eko (Frantzia) korrikalariak arerio nagusi bezala, Oier Ariznabarreta, 2012an bigarren sailkatutakoa eta orain bi aste jokatutako Sara Korrika Trailean irabazlea, Iker Oliveri aurten Lezo-Jaizkibel-Lezon irabazle eta Donostia-Hondarribia trailean bigarren sailkatutakoa, eta Joseba Larralde beratarra, Nafarroako kopako txapelduna izanen ditu.
Irteeran, mendi lasterketan aunitz ikusten ez ditugun, baina errepideko lasterketetan eta triatlonetan aurpegi ezagunak diren Hektor Llanos arabarra eta Jon Arozena hondarribitarra egonen dira.
Emakumezko kategorian, Oihana Kortazar, Beran bi aldiz garaile suertatutakoa ez da irteeran egongo haurdun dagoelako. Aitziber Ibarbia, iaz bigarren eta aurtengo Sarako Korrika Trailean irabazlea faborito izanen da irabazteko, baita Laura Sola iaz hirugarren sailkatua ere. 30 bat emakumek parte hartuko dute proban, eta haien artean egongo da Nerea Amilibia hirugarren beterana iaz, edo Izaskun Zubizarreta, kategoria horretan 2013an irabazlea.
Martxoaren 10an eskuragai jarri ziren 525 dortsalak 5 ordutan bukatu ziren, horrela itxarote zerrenda bat ireki zen, azkenean 600 lasterkaritik gorakoa.
Bezperan eskala, herri kirolak eta puzgarriak, Mendi Maratoi Erdiaren 10. Urteurrena ospatzeko
Berako Mendi Maratoi Erdiaren hamargarren urteurrena dela eta Manttalek, Gure Txokoak eta Agerra Mendi taldeak ekintza ugari antolatu dituzte apirilaren 12an, larunbaterako. 15:30etik aitzinera, abiadurazko eskalada txapelketa bat antolatu da Altzateko frontoieko kanpokaldeko paretan, Zia errekan ondoan gelditzen dena. Bi kategoria egongo dira, nagusiena eta 17 urtetik bettikoentzakoa, eta parte-hartzaile bakoitzak lau saiakera izango ditu. irabazleak txapela eta 150 euroko saria irabaziko du. Finala 19:00etan izango da, herri kiroletan Manttale eta Berako Herri Kirolen Taldeen arteko exibizioa bukatu bezain laster. Gainera, arratsalde guztian puzgarriak egongo dira haurrentzako.
Igandean, apirilaren 13an, lasterketaz gain, bi mendi irteera antolatu dira proba ikusteko. Bat, 08:30ean aterako da Bera-Larun-Bera ibilbidearekin eta bertzea 09:00etan atera eta Bera-Landagaita- Bera eginen du.