Baratzegintza ekologikoan lehen urratsak izeneko ikastaroa antolatu du Berako Udalak. Apirilaren 24ean eta maiatzaren 8an, ortzegunetan, arratsaldeko 6etatik 9etara Beralandetan eskainiko du Mattenea baserriko Josune Zamora irakasleak. Ikastaroa euskaraz izanen da eta apunteak gaztelaniaz emanen dira. Izen ematea apirilaren 16a baino lehen egin behar da, 012 telefonora deituz.
Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa izanen da. Gehienez ere 20 lagunentzako tokia dago eta lehentasuna udal baratzea dutenek eta beratarrek izanen dute. Bertzeak bertze, zer da baratzegintza ekologikoa, lurra lantzeko lanabesak, ongarriketa, ureztapena, belar txarrak kontrolatzea, txandakatzeak eta elkartzeak, baratzearen osasuna, (izurrietak, gaixotasunak eta tratamenduak), ereite eta landatze egutegia eta labore desberdinen maneiua eta ezaugarriak landuko dituzte.