Berako Enaitzen aldeko ekintza solidarioek ez dute etenik. Martxoaren 31n bukatu zen tapoi bilketa kanpaina, baina han eta hemen, garun paralisia duen 5 urteko mutikoaren alde ari dira.
Igande honetan, Berako Emaitza antzerki taldeak “Esperando a la inglesa” antzeslana eskaini zuen berriz ere Berako Kultur Etxean, oraingoan sarreran bildutakoa Enaitzi emateko. Gainera, antzezlanaren ondotik, Enaitz Gara guraso taldeak prestatutako bideo hunkigarria ere eskaini zuten. Bertan, Porrotx pailazoak Enaitzen historia azaltzen du eta hainbat pertsonai famatu agertzen dira. Emanaldiaren ondotik, Nagore Arretxea, Enaitzen amak eskerrak eman nahi izan zizkien bertaratuei, bai ekimen honetan, bai bertzeetan laguntzeagatik. Ikusi argazkiak
Baina aitzinera begira, aste honetan pilota eta zinema emanaldiak ere izanen dira Enaitzen alde.
Ortziralean pilota jaialdia Beran
Bortziriak pilota elkarteak Enaitzen aldeko pilota jaialdia antolatu du apirilaren 11n, ortziral arratsaldeko 7:45ean Eztegaran eta gazte mailetan punta-puntan dabiltzan Bortzirietako pilotariak lanean ikusteko aukera izanen da. Kadetetan, Jonan Fagoaga eta Beñat Ordoki lesakarrak, Mikel Eltzaurdia beratarra eta Bixente Lafitte saratarraren kontra ariko dira. Gazte mailan, Andoni Lazkanotegi eta Harri Maritorena beratarrak, Oian Canabal igantziarra eta Mattin Garbisu beratarraren kontra eta Ander Errandonea beratarra eta eta Txarutako Sergio Oskoz, Beñat Mitxelena beratarraren eta Jon Olaizola lesakarraren kontra. Sarrera 5 euro kobratuko da eta ortziralean Eztegaran bertan ez ezik, aitzinetik Berako Purienean eta Labiaga ikastolan eta Lesakako Tantirumairu ikastolan erosten ahal dira. Zozketa bikainak eginen dira eta ostatua ere irekiko da, edari eta pintxoekin.
Igandean zine saioa Donezteben
Bertze aldetik, Doneztebeko Mendaur eta Erreka Guraso Elkarteek antolatzen duten zinema sasoiaren azken emanaldia apirilaren 13an izanen da eta egun horretan sarrerekin bildutako dirua Berako Enaitzen familiarentzat izanen da. Emanaldi solidarioa prestatu dute guraso elkarteek. Azkeneko emanaldi honetan bi filma eskainiko dira: Txoriburuak, 16:30ean eta Las brujas de Zugarramurdi 18:30ean. Sei hilabetez 26 pelikula pantailaratu dira (13 umeendako, horietatik 8 euskaraz, eta bertze 13 gazte eta helduendako). Aurten guraso elkarteek apustu handia egin dute euskararen normalizazioaren alde, euskarazko pelikulak ugarituz. Bildutako diruarekin proiektore berria erosi da emanaldien kalitatea hobetzeko asmoz.