Bertzelako kontsumo eta produkzio ereduak bultzatzeko helburuarekin, 2013ko apirilean aurkeztu zuten Bidazi elkartea. Geroztik azoka bat irekitzea izan da bere helburuetako bat, «bazkideentzat kontsumo kontziente eta trasnformatzailea posible egiten duen tresna, lokal baten inguruan ahal bezain gertukoak diren kalitatezko produktu ekologikoak biltzen dituena». Eta proiektu horretan burubelarri lanean ibili ondotik, asteburu honetan irekiko dute Alkaiagan prestatu duten lokala. Oraingoz, elkarteak ez du langilerik kontratatzeko baliabiderik, eta hortaz, dendan bazkideek txandaka eginen dute lan.
Apirilaren 4an 18:30ean irekiera besta eginen dute. Bazkideez gain, lokala edo azoka ezagutu nahi duten guztientzat ateak zabalik izanen dira. Larunbatean bazkideendako irekiko da denda.
BAZKIDEAK
Gaur egun 70 bat bazkide ditu Bidazik, Irun, Hondarribia, Hendaia, Zugarramurdi, Lesaka, Bera, Igantzi, Arantza, Etxalar... eta ingurukoak. Norbanakoak, taldeak edo ekoizleak izan daitezke bazkide eta norbaitek interesa izanez gero, badu oraindik izen emateko aukera. 50 euroko diru-sarrera egin behar da bazkide egiteko, eta gero hilero hiru euro ordaindu. Horretaz gain, urtean guttienez hiru ordu eskaini beharko zaizkio auzolanari elkartearen proiektuei laguntzeko. Taldeen kasuan hilean 15 euro ordaindu beharko dira eta urtean 15 ordu eskaini auzolanari.
Informazio gehiago lortzeko www.bidazi.org atarian sar daiteke, edo info@bidazi.org helbidera idatzi. Bazkide berrientzako batzar irekiak ere antolatzen dituzte.