Martin Ibarrola herriko txistularia, koruko organujolea eta kantaria martxoaren 16ko goizaldean zendu zen. Biharamunean, martxoaren 17an, 83 urte beteko zituen Martinek. Hamaika herriko ekitaldi, ospakizun zein mezetan parte hartua organu zein txistu doinuekin. Haur kozkorrak ginela, txistua ikasteko lehen urratsak berekin eman genituen; eta herriko koruan gaur egun jarraitzen dugunok bere prestutasuna oroitzen dugu. Joan zaigu maixu haundia, baina dagoen tokian dagoela ere, beti gure bihotzetan izanen da.
Herriko txistulari eta koruko taldearen partetik, hor doaz bertso hauek zure omenez Martin, zuri hainbertze gustatzen zitzaizun habanera doinuan:
Egunsentiko txoriak ta txirritak iluntzean / haizearen txistu hotsa zuhaitzekin dantzatzean / zortzikoak kalejirak akordeekin lotzean / bizitza musikatzen da zurekin gogoratzean / borondatezko emari batuta baten atzean / maitasunezko doinuen oihartzuna bihotzean / gaur arte hala izan da ta berdin aurrerantzean / zure boza entzungo da gure kantu bakoitzean.